Iñigo eta Imanol Goikoetxea anaiak kide dituen Gozategi taldeak 25 urte bete ditu. Taldearen ibilbidea jasotzen duen zuzenekoa argitaratu dute Gozategi 25 urte izenburuarekin. Hartan taldeak aurten lagunekin emandako hiru kontzertu bereziren irudiak jasotzen dira:sanferminetakoa eta Donostia eta Bilboko Aste Nagusietakoak. Kontzertu horietan jazotakoa DVD batean jaso dituzte. Horrekin batera, Gozategiren ibilbideari buruzko dokumentala dago, baita zuzenekoa jasotzen duen CDa ere; “plazak ematen duen indarra sumatzen da”.
Azken horrekin taldeak zortzi disko ditu argitaratuak eta taldetik Berria egunkariari aurreratu diotenez kantu berriak dituzte esku artean. Urte hasieran sare sozialen bidez zabalduko dituzte. Kantuak grabatuko dituzte baina oraindik ez dakite diskorik argitaratuko duten edo ez. Bitartean, haien zuzenekoa Berria egunkariaren web orriko dendaren bidez eskuratu daiteke.