Iruñeko Alegria peñako 15 bat kide Sakanara etorriko dira igandean 55. Patata Operazioa egiteko. Haien segizioa eraikuntza enpresa bateko kamioi batez, mojen furgoneta batez eta hiru autoz osatuta egonen da. Eta herrietara sartzean klaxonak jo eta patata operazioa bertan dela oihukatuz nabarmenduko dira beste behin. Peñakideek igandean hiriburuko Behartsuen Haurridetxoak kongregazioko egoitzarako jakiak bilduko dituzte. Baratzek eta soroek emandakoa jasotzen dute, patataz aparte, kuiak, kuiatxoak, babarrunak, sagarrak, intxaurrak edota dirua.
Iruñeko Alegriako peñako kideak Urdiainen hasiko dute bilketa 09:00etan. Etxarri Aranatzera arteko bidea egin eta han gosaltzera geldituko dira. Ibilbidea berrekin eta Arbizutik pasa ondoren, bigarren urtez Unanura joko dute. Gero handik Satrustegira arteko bidea eginen dute, herriz herri. Peñakideek sakandarrei “eskuzabalak” izatera animatu dituzte.