Nafarroako Sokatira Txapelketa Lakuntzara

Guaixe 2017ko aza. 10a, 12:39

Bihar, larunbatean, 12:00etan, Nafarroako Sokatira Txapelketako gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia eta talde mistoen 550 kiloko lehen jardunaldia hartuko ditu Behar-Zana frontoiak

Urriaren 29an hasi zen Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Nafarroako 2017ko Sokatira Txapelketa, Arbizun. Aurreko asteburuan bigarren jardunaldia jokatu zen, Berriozarren, eta bihar, larunbatean, Lakuntzara iritsiko da Nafarroako Sokatira Txapelketa. Izan ere, Lakuntzako Pertza Elkarteak Bazkide Eguna ospatuko du bihar eta, tartean, Nafarroako Sokatira Txapelketa ekartzea erabaki dute. 12:00etan hasiko da ekitaldia, Behar-Zana pilotalekuan.

Guztira 4 txapelketa izango dira jokatuko Nafarroako Sokatira Txapelketaren barruan jokatuko direnak. Dagoeneko bi erabaki dira. Batetik, gizonezkoen 640 kiloko Nafarroako Sokatira Txapelketa urriaren 29an Arbizun eta azaroaren 4an Berriozarren jokatutako saioetan egindako lana batu eta gero erabaki zen. Lesakako Beti-Gazte izan zen txapelduna (6 puntu), Berriozar (4 puntu) eta Antsoain (2 puntu) taldeen aurretik. Eta bestetik, emakumezkoen 375 kiloko Nafarroako Txapelketa ere bi jardunaldi horiek kontuan hartuta erabaki zen eta Txantrea (8 puntu) gailendu zitzaien Berriozar (5,5 puntu) eta Beti-Gazte (4,5 puntu) taldeei.

Gizonezkoen txapelketa eta talde mistoena
Bihar Nafarroako Sokatira Txapelketako gizonezkoen 600 kiloko eta talde mistoen 550 kiloko txapelketetako lehen jardunaldia jokatuko da Lakuntzan. Aipatu txapelketa bi jardunalditan erabiko da, bihar eguerdian Lakuntzan jokatuko denean eta azaroaren 18an Lesakan jokatuko denean. Gizonezkoen 600 kiloko txapelketan lau talde lehiatuko dira: Berriozar, Beti-Gazte, Txantrea eta Antsoain. Talde bakoitzak 8 tiratzaile izango ditu. Bestalde, emakumez eta gizonez osatutako talde mistoen txapelketari ere hasiera emango zaio bihar Lakuntzan. Bost talde lehiatuko dira: Berriozar A, Berriozar B, Beti-Gazte, Txantrea eta Antsoain. 8 tiratzailez osatutako taldeak dira, 4 tiratzaile gizonezko eta beste horrenbeste emakumezko.

Hortaz, puntako sokatiraz gozatzeko aukera eskainiko du bihar Lakuntzak. Tamalez, ez dago talde sakandarrik, baina aipatu talderen batean sakandarren bat ariko da.

Aizkolariak
Nafarroako Sokatira Txapelketako saioekin batera, aizkolari sakandarren erakustaldia hartuko du Lakuntzako frontoiak.