Igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa ezaguna. Asteartean prentsaurrekoa eskaini zuten Fortuna Kirol Elkarteko kideek eta lasterketa honek uzten dituen zenbaki potoloak eman zituzten. Guztira 34.000 partaide inguru izango ditu Behobia-Donostiak. Horietatik, 30.192 korrikalarik eman dute izena igandeko proban korritzeko, iaz baino 364 gutxiagok. Parte-hartzea 30.000 korrikalariren bueltan egonkortu dela nabarmendu zuten antolatzaileek, eta dituzten baliabideak eta azpiegiturak kontuan hartuta, “zenbaki horietan ongi mugitzen direla” azaldu zuten. Izena emandakoen %23,89 emakumeak dira –7.384 emakume–. Gora egin du emakumeen parte-hartzeak eta 2025erako partaideen erdia izatera nahiko lukete Fortunakoek.
Carles Castillejo eta Aroa Merino, aurreko urteko irabazleak Behobiako irteeran izanen dira ere igandean. Haiekin batera, Jaume Leiva, Camilo Santiago, Dolores Marco eta puntako beste korrikalari batzuk izanen dira faboritoak.
Korrikalariei, gurpildun aulkian doazenak eta irristalariak gehitu behar zaizkie. Bestalde, Behobia Txikia larunbatean korrituko da (13 urte arteko 2.500 neska-mutiko) eta Behobia Gaztea igandean (302 nerabe).
Aurreko urtean 67 sakandar
2016an 67 sakandarrek lortu zuten Behobia eta Donostia batzea, 20 km gorabeheratsuak batu eta gero. Azkarrena Mikel Berdud altsasuarra izan zen, 355 postuan sartu eta gero (1:16:31). Emakumezkoetan lehen sakandarra Maria Goikoetxea etxarriarra izan zen (1:34:58, 5.929 postua).
Aurten aldaketak izango dira. Ordutegia izango da horietako bat. Errenteria eta Irun arteko AHTaren lanen eraginez, lasterketa ordu laurden lehenago abiatuko da. Iganderako hotza, euria eta haizea iragartzen dituzte, baina korrikalariak ez dira kikilduko. Osasun langileendako hobe, bero-kolpeak ekidingo direlako. Korrikalariak artatzeko 8 gune izango dira eta lasterketa uzteko 23 gune.
Behobia-Donostiako datuak
Larunbatean
15:00etan: Behobia Txikia, Anoetako estadio txikian.
Igandean
9:45ean, Herrera errotondan: Behobia Gaztea (302 nerabe, 4,4 km)
9:45ean: Gurpil aulkikoak abiatuko dira (75 parte-hartzaile dira urritasunen bat dutenak, eta haiei laguntzen 18 gidari ariko dira. 20 km).
9:50ean: Irristalarien irteera (223 irristalari. 20 km).
10:15ean: Korrikalarien irteera (30.192 korrikalari. 20 km).