El Martineteko eskolarekin txundituta

Guaixe 2017ko aza. 9a, 19:23

Urriaren 21ean Arbizuko eskolako langile eta gurasoei esker bertako ereduan sakontzen egon ziren hainbat sakandar.

El Martinet eskolak 2002 urtean zabaldu zituen bere ateak, eskola publikoa da eta 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako ikastetxea da. “Kanpotik oso zatarra da, tristea, baina El Martinetek barruan sekulako altxorra ezkutatzen du”. Hori aipatu digute Arbizuko Herri Eskolakoek. Izan ere, urriaren 21ean El Martineteko eskola bisitatzeko aukera izan zuten hainbat sakandarrek, Arbizuko Herri Eskolako langile eta gurasoei esker. Arbizuarrak aurretik ere izanak ziren bertan.  

“Ezin izan dugu burutik kendu ikusi eta sentitutako guztia. Zaila da hitzekin, hori guztia azaltzea. Bertan sartzerakoan, ametsetako mundu batean bezala barneratzen zara, hezkuntzarako ideal bat” gaineratu dute Arbizuko Herri Eskolakoek. Bizirik dagoen gune bat da El Martinet, haurrei begira egokitzeko prest dagoena. Haurrek adierazten dutena kontuan harturik sortua dela azaldu digute arbizuarrek.

Bertako langileen prestakuntza eta konpromisoa “miresgarria eta eredugarria” dela adierazi dute Arbizuko herri eskolan, eta haurren erritmoak errespetatuz esperimentazioaren, ikerketaren, sormenaren, ekimenaren eta lankidetzaren esparruak luze eta sakon garatzeko aukerak eskaintzen dizkiete haurrei, estetikoki oso zaindua eta txukuna den espazioan. “Proiektua haur bakoitzaren garapen momentuari begira egokituta dago; horrek bere autonomia lortzen laguntzen du” gaineratu digute. Umearen behar eta interesetara egokitutako espazioek osatzen dute El Martinet: harremantzeko, ikertzeko, bakardadean egoteko eta konpartitzeko espazioak, besteak beste. Eta natura-baliabideak nonahi.

Arbizurako
Arbizun herri eskola berriko lanak hastear daude. Akerruntza kalean jasoko da eskola berria. Eta El Martineten ikasitakoa bikain etorriko zaie espazio berria atontzeko orduan. “Horrelako hezkuntza eredu bat existitzen dela jakiteak ilusio handia egin digu, eta hezkuntza publikoan aurrera eramatea posible dela ikusteak. Itxaropenez itzuli ginen, haurren beharretara benetan pentsatua dagoen holako eskola bat posiblea dela jabetuta” adierazi dute Arbizuko herri eskolakoek. “Ume batendako ametsetako eskolaren erreplikarik hurbilena da El Martinet, eskola horrek umea zoriontsu sentiarazteko baldintzak dituelako. Ez al dute gure seme-alabek gutxiago merezi?” diote Arbizuko Herri Eskolakoek.