Sakanako Garapen Agentziak (SGA) ibarreko elikagaiak ezagutarazi eta balioa emateko lanketa egiten ari da. Horren barruan, "Sakanan ekoizten diren jakiak prestatzea ikastea garrantzitsua izan daitekeela pentsatu dugu" esan digu Oskia Gorostiaga San Sebastian, SGAko elikadura arduradunak.
Horregatik, sukaldaritza ikastaroa antolatu du agentziak. Irakaslea Ismael Alegria izanen da, Lakuntzako Kale Txiki tabernako sukaldaria. Hari Xalok Zentruko Ana Carmen Huartek lagunduko dio, elikagaien onurak eta prestatzeko beste modu batzuk azalduz.
Bi saio
SGAk antolatutako sukaldaritza ikastaroak bi saio izanen ditu eta bakoitzean hiru produkturekin plater bana prestatuko dituzte. Aurreneko saioa hilaren 16an, heldu den ostegunean, izanen da Etxarri Aranazko Hartzabal elkartean. Joaten direnak, lehenik txahal mihi entsalada gazta fresko eta barazki ozpin-olioarekin prestatzen ikasiko dute. Segituan ahate bularkia patata "quenelle"arekin nola egin ikasiko dute. Eta, azkenik, jogurt krematsua sagar marmelada eta fruitu lehorrekin nola egin ikasiko dute.
Bigarren saioa hilaren 23an izanen da, ostegunarekin, Lakuntzako Pertza elkartean. Lakuntzan lehenik irakatsiko den platera azalore krema arrautza potxatua, karakolak eta zekale ogi apurrekin da. Bigarren platera, berriz, txerri solomoa irasagar glasatu eta fruitu lehor saltsarekin izanen da. Eta, prestakuntza saioa despeditzeko, sagar errea azukrearekin nola prestatu ikasiko dute joaten direnak.
Bai Etxarri Aranazko saioa bai Lakuntzako saioa 18:30ean hasiko dira eta, ondoren, afaltzen geratzeko aukera izanen du nahi duenak. Sakanako Garapen Agentziaren ikastaroa Nafarroako Gobernuaren laguntzaz antolatu da.
Izen ematea
Sakanako Garapen Agentziatik jakinarazi dutenez, saioetako plazak mugatuak dira. Izena emateko
bi aukera daude. Batetik, ogorostiaga@sakanagaratzen.com helbide elektronikora idatziz edo, bestela, 672688591 telefono zenbakira hots eginez.