Joxe Migel Gaztelu bergaratar-etxarriarraren itzulerarekin, 80 urtetan lehenengo
aldiz preso politikorik gabeko herria da Bergara. 0 ohe huts izeneko ekimenarekin ospatu
dute. Bergaratik Etxarrira, eta Etxarritik Euskal Herri osora zabaldu nahi dugun 0 ohe huts
ekimena. Horretarako, gatibu segitzen duten 300dik gora euskal herritarren kaleratzea
lortu behar dugu. Horietatik zazpi dira etxarriarrak: Unai Parot -1990. urtetik preso-;
Asier Karrera -2000.tik- Luis Mariñelarena eta Juan Ramon Karasatorre (-2001.tik-); Jon
Gurutz Maiza eta Oihan Barandalla (-2007.tik-); eta Hodei Ijurko (-2008.tik-).
Gatazkak eta sufrimenduak markatutako aroa atzean utzi nahi dugu betirako; eta
etorkizunari begiratu nahi diogu. Horretarako, ezinbestekoa da arrazoi politikoengatik
preso edo ihesean dauden herritarren etxeratzea. Bai, baina nola? Nola mugiarazi
ukazioaren eta mendekuaren politikan tematuta dauden Estatuak? Gure Herriaren indarra
eta nazioartean lor genezaken babesa dira Estatuak mugiarazteko ditugun tresnak.
Kataluniatik ikas dezakegu herri bat helburu baten inguruan biltzen denean geldiezina
dela. Debekatua zegoen galdeketa egin eta Espainiako Konstituzioan kabitzen ez den
Errepublika aldarrikatu dute. Bidearen amaierara iristeko oztopo ugari gainditu beharko
dituzte oraindik, baina egunetik egunera beraien helburuetatik hurbilago daude.
Presoen aferan, armagabetzearen inguruan bezala, herri gisa jokatzen ari dira Ipar
Euskal Herrian. Armagabetzean helburua lortu zen, orain presoen eremuan Frantziako
Gobernua mugiaraztea da helburua. Herri gisako batasunarekin batera, indarra erakutsi
behar da orain, horregatik da hain garrantzitsua abenduaren 9an Parisko kaleak betetzea.
Frantziako Gobernua mugiaraztea lortzen bada, gero eta isolatuago aurkituko da Espainia
bere itxitasunean. Herri gisa jokatu behar honetan berebiziko ardura dute euskal preso
politikoek. Amaitu berri duten eztabaidan erabaki sendoak hartu dituzte beraien ekarpena
kalera begira jartzeko herriarekin batera askatasunera eta benetako bakera eramanen
gaituen bidea egiteko. Herriaren garaia da, gu guztion garaia.