Bizi!

kolaboratzaileak

Joan den asteko zenbait albistek haurra eta neskixa nintzen garaira bidaiatzeko eta oroimena borborka jartzeko parada eman didate. Iñigo Aritza BIZI NAFARROA OINEZ 18 antolatzaileen eskutitza jaso dugu bertako kide izandakoek, gonbita ohoretsua.  Bertan esaten dena “memoria” egiteko aproposa izan da, euskararen “laguntza” dei larriari erantzunez eta Euskal Herriko gizarteak bultzaturik, ikastola sortu eta indartu genuen belaunaldiko senide-lagunartekoa izan ginela oroitarazteko.
Gu txikitxoak-gaztetxoak izaki, ez ginen asko jabetu zein erronka izan zen 1981. urteko lehenengo Nafarroa Oinez hura, ezta aurretik ikastolak sortzeko askok eta askok egindako elkarlanaz ere. Bagenekien eskulanetako Joxe Ramon maistruak marraztu zuela soinean eramaten genuen kamiseta eta poltsa zuri haiek zeramaten marrazkitxo koloretsua. Segur aski, Anda artistak soilik jakin eta uler zezakeen irudi haren esanahia. Noizbait kontatuko zigun, baina ahaztua nuen lauki jostalarian, lau zati, lau kolore, lau herri irudikatzen zirela: Ziordia, Olazti, Altsasu eta Urdiain. Etxarriko Ikastola, jada, bere ibilbidea egiten hasia zen.
Derrigorrezko hezkuntza guztian, katuek katakumeak ibiltzen dituzten antzera ibili ginen gure ere, batetik bestera: Etxarrin bajeratan (Kaxarna kalean, Xapateronean, Apaizenean, Ermiñenean…), Altsasuko “Lavadero” zaharrean eta azkenik Iñigo Aritza ikastola dotorean, haritzez inguratua. Makina bat ibilera izango dute kontatzeko gure inguruan zeuden helduek, gurasoek, irakasleek, mendizale-kultur elkartetako gazteek, dantzariek, musikariek… den-denek euskara maite-maitea zutenak. Ordungo bizipenei musika jarriko bagenio, “Zu, gazte sentimental”,  “Loretxoa” edo “Ez dok hiru” antzerkiko beste kanta askorekin akordatzea nahikoa da.
Lehenengo Nafarroa Oinez hura ospatzen ari zen garaian, jadanik, Altsasuko ikastolatik atera ginen lehen belaunaldikoek derrigorrezko ikasketen ibilbidea amaituta edo amaitzear genuen. Ikasketak euskaraz egiten jarraitzeko aukerak eskasak ziren 8. maila amaitutakoan (oraingo DBH 2.a dena). Garai hartako BUP edo BBB (Batxilergo Bateratu Balioaniztuna) Nafarroan eta euskaraz egin nahi bazenuen, aukera bakarra Iruñeko San Fermin ikastola zen. Orduan ere hara joan ginenok ez ginen asko jabetzen gure gurasoek egin zuten ahaleginaz eta beren seme-alabak euskaldun egiteko hartutako erronkaz. Beren ausardia eta adorea aitortzeko urteak behar izan ditut. Harro nago hazi hartatik sortutakoak garela eta ardura ere badugula horri eusten, gal ez dadin. Horregatik da BIZI datorren urteko Nafarroa Oinezen leloa. Eta oroitzapenetatik atera ezinik nabilenez, ezin ahaztu oinarri berarekin mugitzen ginela Askagintzakoak ere, BIZIRIK EGUNA eta BIZIKIDEAK eginez.