Nafarroako 2017ko Sokatira Txapelketako saioa hartu zuen larunbatean Lakuntzak, Lakuntzako Pertza elkartearen bazkide egunaren barruan antolatutako ekitaldien barruan. Zehazki, bi txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen, Nafarroako Sokatira Txapelketako Gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia eta talde mistoen 550 kiloko lehen jardunaldia. Frontoian bildutakoek puntako sokatiraz gozatzeko aukera izan zuten.
Gizonezkoen 600 kilotan, hiru talde lehiatu ziren: Lesakako Beti-Gazte, Berriozar eta Antsoain. Lesakarrak izan ziren jaun eta jabe, tiraldi guztiak irabazita (3 puntu), Berriozarren (2 puntu) eta Antsoainen (puntu bat) aurretik.
Eta gizonezkoek eta emakumezkoek osatutako talde mistoen 550 kilotan, lesakarrak ere izan ziren gailendu zirenak (5 puntu). Tiraldi guztiak irabazi zituzten. Berriozar A oso gertutik ibili zen (4 puntu), Berriozar B hirugarrena izan zen (3 puntu), Antsoain B laugarrena sailkatu zen (2 puntu) eta Antsoain A bosgarrena (puntu bat).
Aipatu txapelketa larunbatean erabakiko da, Lesakak bigarren eta azken jardunaldia hartuko baitu, 17:00etan.