Azken urteetan, Kontakt Inprobisazioa arrakasta handia izaten ari da. Euskal Herriko Kontakt Inprobisazio Elkarteak ekimen ugari antolatzen ditu eta gero eta jende gehiagori sartzen ari zaio dantza hau praktikatzeko arra. Batzuek, moda bat besterik ez dela esaten dute, baina Kontaktaren arrakasta ulertzeko arrazoiak moda kontuez haratago doazela uste dut.
70. hamarkadaren hasieran AEBn sortua, dantza ereduaren inguruan hausnarketa sakona egiten du orduko beste dantza estiloen oinarriak kolokan jarriz: gorputzarekiko erlazioa, hezkuntza sistema, maskulinitatea eta feminitatea, sexualitatea, identitatea eta jerarkia.
Kontakt Inprobisazioa Steve Paxtonek egindako ikerketen ondorioz sortu zen. Dantzari honen ibilbide eta oinarria, gimnasia olinpikoa, aikidoa eta dantza modernoa izan ziren eta bere ikerketen helburua inprobisazioak zuen eragina aztertzea zen, gorputzen arteko harremanean. Horrez gain, talde batean berdintasunezko parte-hartzea nola sustatu aztertu nahi zuen, jerarkiarik gabeko talde baten erlazioa, alegia.
Argi zuen beste kontu bat, irakasteko modua zen: ez zitzaion ikasleek kopiatzen duten irakasle eredua gustoko, ez zitzaion narratiba epikoa edo lengoaia sinbolikoa interesatzen. Egunerokotasunean sortutako mugimenduak ikusmira sortarazten zioten, ibiltzearen ekintza adibidez, edo hemen eta orain egotearena. Honekin zera frogatu nahi zuen: dantza, bere beretik sortu zitekeela eta edozein gorputzek dantza egiteko gaitasuna duela. Honekin batera, dantza munduan emakume eta gizonen arteko rolen berdintasuna bilatzen zuen.
“Epairik gabeko dantza” bezala ezagutzeak eta dantzarien maila edo eskarmentuak garrantziarik ez izateak, “dantza sozialaren” izaera indartu zuen eta begirada akademizistatik urruntzen zenez, edozein motatako gorputzak onartuak ziren; edozein izan zitekeen “kontaktero/a”, adinak, altuerak, pisuak, etniak edota urritasun fisikoek ez zuten garrantziarik. Gorputz mota desberdinen aniztasunak, kontraste handia sortzen zuen beste dantza estiloetako dantzarien berdintasunarekin, non edertasun eta gorputz egitura eredu zehatzak gailentzen ziren. Kontaktaren filosofian, dantzaria gorputzaren ekintza eta sentsazioarengatik definitzen da eta ez bere gorputzaren itxuragatik.
Kontakt Inprobisazioaren eredua bi dantzarien arteko elkarrizketa intimo eta benetazkoan datza; gorputzen interazioaren bidez, fisika mekanikoaren legeak erabiliz eta lankidetza, jolasa, hezkuntza, kirola, sexua eta maitasunean oinarrituz.