3,5 tona jaki jaso dira Patata Operazioan

Guaixe 2017ko aza. 15a, 10:29

Patata operazioaren momentu bat Arbizun

Patata operazioak bi protagonista ditu. Batetik, Iruñeko Alegria peñako kideak eta, bestetik, sakandarrak. Aurrenekoek 55. aldiz operazioa antolatu zuten. Bigarrenek patatak, kuiak, tipulak, azak, porruak, alubiak, tipulak, tomateak eta beste barazki batzuk eman zituzten, intxaurrekin batera. Guztira 3.500 kilo jaki eta 167,9 euro. Peñakideak Urdiain eta Satrustegi arteko ibilbidea egin zuten. Bozina joz, karraka batekin egindako zaratarekin eta patata operazioa oihu eginez aurkeztu ziren herrietan. Azken urteetan bezala, Uharte Arakilgo Donibane jubilatu elkarteak herrian barna ibiltzeko lana aurrezten die eta mila kilo patata eta 50 euro prest zituzten peñakideak iritsi zirenerako.

Bilketaren ondoren Iruñeko Hermanitas de los Pobres edo Behartsuen Haurrideak kongrezioaren egoitzan jakiak utzi eta han bazkaldu zuten Alegria peñako kideek. Han 13 moja eta 64 pertsona bizi dira gaur egun. Bai haiek bai peñako kideek esker ona azaldu diete sakandarrei.