Sakanako gazte asanbladak aspaldi zebiltzan “prestakuntza, aldarrikapena eta festa lotuko zituen” ibarreko egun bat prestatu nahian. Eta, azkenean, larunbatean iritsi zen Sakanako gazte eguna, Lakuntza eta Ziordia bitarteko gazte asanbladek antolatu zutena. Herri horietako guztietako gazteak erakarri zituen hitzorduak Ziordiko ospakizunera.
Goizean lana, feminismoa, euskara eta errepresioa mintegiak izan zituzten eta bakoitzean 20 bat gaztek parte hartu zuten. Han egindako hausnarketei segida emateko gogoz gelditu ziren batzuk. Hura despeditu berritan margotu berri zegoen muralean argazkia egin eta Amarauna espazio autogestionatua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. 250 gazte elkartu ziren bertso bazkarian. Arroza urdiaindarren eta olaztiarren ardura izan zen. Aurreko egunetan elkarri bideo-erronkak bota ondoren, gazte asanbladek olinpiadetan indarrak neurtu zituzten, giro ederrean.
Egunak izandako harrerarekin “oso pozik” daude antolatzaileak, “goizeko mintegietara eta gaueko kontzertuetara jende asko gerturatu zen”. Hala ere, egunaren balorazioa egitera elkartuko dira. Izan ere, “azken hilabeteotan jorratutako elkarlanak bere fruituak eman eta sortutako harremanari eutsiz, aurrera begira, koordinatzen jarraitzea espero dugu”.