Nafarroako Gobernuak zehaztu du nork jasoko dituen Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren 2017ko Urrezko eta Zilarrezko Dominak. Urrezko Dominei dagokienez, Abel Barriola Ezkurrak eta Juan Martinez de Irujo Goñik jasoko dituzte urrezko dominak, “pilotari profesional gisa aritu diren urteetan pilotaren munduari egin dioten ekarpen handiagatik”. Horretaz gain, Nafarroako Gobernuak Zilarrezko 24 Domina emango dizkie kirolaren munduan lan egin duten 24 pertsonei, “25 urtez baino gehiagoz zuzendaritza-lanen edo lan teknikoen bidez kirola sustatzeko egin duten guztiagatik”. Tartean daude bi sakandar: Pello Garcia Aizpun eta Migel Ulaiar Mendiola.
Aipatu sariak abenduaren 1ean banatuko dira, arratsaldez, Nafarroako Jauregian, 2017ko Nafarroaren Eguna ospatzeko antolatu diren ekitaldien barruan.
Zilarrezko sakandarrak
Nafarroako Gobernuak Komunitateko Kirolaren zilarrezko domina jasoko dutenen artean Pello Garcia arakildarra eta Migel Ulaiar etxarriarra daude. Pello Garcia Aizpunek 30 urte baino gehiago daramatza Arakilen futbola sustatzen, Zaldua taldean eta Eloko Higa Trofeoan edo Elomendiko Txapelketan parte hartzen eta laguntzen.
Bestalde, Migel Ulaiar Mendiolak zilarrezko domina jasoko du, 30 urtez baino gehiagoz Sakanan mendizaletasuna sustatu duelako, Sakanako Mendizaleak elkartean eta Etxarri Aranazko Udaberri eta Larrañeta elkarteetan.
Merezitako dominak, zalantzarik gabe.