Anfas, adimen urritasuna duten pertsonen eta bere familien aldeko Nafarroako elkarteak, egoitza propioa du Sakanan. 91 bazkide eta adimen urritasuna duen kideren bat duten 39 familia biltzen ditu elkarteak. Mustutze ekitaldian Javier Goldaraz presidenteak nabarmendu zuenez, “adimen urritasuna duten pertsonendako ez da erraza, baina hiriburutik urrun bizita, zailagoa da. Ez da erraza Iruñean eskaintzen diren zerbitzuetara joatea 40 km-tara bizi zarenean. Ez da erraza 300 biztanleko herri batean adimen urritasuna duen pertsona bat izatea eta programa bat izatea”.
Hori guztia kontuan izanda, Goldarazek Sakanako egoitzaren garrantzia nabarmendu zuen: “Anfasek egoitza honekin arazo horiei konponbidea eman nahi die. Garapenerako nahasmenduaren prebentzioan hain garrantzitsua den arreta goiztiarra behar duten haurrek hona etortzeko aukera izan dezatela, etxetik gertu. Trebetasunak eta psikomotrizitatea lantzeko ere”. Goldarazek “elkartearen motorra diren familiak” ere gogoan izan zituen. Presidenteak azaldu zuenez, “egoitza dugu eta zenbait programa martxan ditu, baina sakandarren beharretara egokituko diren beste programa askoz ere gehiago eskaintzeko lan eginen dugu. Anfasen gaur dauden haurrei eta gazteei bizi guztian akonpainamendua eman eta beharrezko babes guztia emanen diegu”.
Ibarrean
Anfas 1961ean sortu zen eta elkarteak ia sorreratik Sakanan lan egiten du. Ibarreko batzarra 1972an sortu zen. Baina ez zuten egoitzarik. Ibarreko arduradun Lourdes Cuestak azaldu zuenez, “beti mailegatutako espazioetan geunden: ikastetxeek, udalek orduetarako, egunetarako utzitako espazioak ziren. Horrela ezin genuen erantzun egokirik eman”. Hala ere, Anfasek urratsak eman zituen: dozena bat sakandarrekin hezkuntza bereziko gela zabaldu zuten 1982an. Bost urte geroago Tasubinsako tailerra martxan jarri zuten Lakuntzan.
Elkarteak behar bezalako zerbitzuak emateko egoitza ezinbestekoa zela jabetuta Lakuntzako Udalaren atea jo zuten. Lan-eskola zaharrean biltegi gisa erabiltzen zuten espazio hartaz galdetu eta baiezkoa eman zuten jabe diren udalek. 2012an izan zen eta egoitza 20 urterako utzi zitzaien. Krisia dela eta ezin izan zioten berehala lanei ekin. Once fundazioaren diru-laguntzari esker 2015eko lastailean hasi zituzten egokitzapen lanak eta apirilean, lanak despedituta, lanera hara sartu ziren. Bulegoa, bilera gela, psikomotrizitate eta bizkortze gela, goiz arretako saioetarako gela, harrera eta komunak ditu egoitzak. Zerbitzuak emateko bai, baina familien topagune izateko funtzioa du; haien bizipenak, esperientzia eta informazioa partekatzeko.
Bi familia erabiltzaileek, Amaia Oraak eta Ander Muñozek, mustutze ekitaldian egoitzak izatearen onurak azpimarratu zituzten. Gaur egun honako zerbitzuak eskaintzen ditu Anfasek Lakuntzako egoitzan: arreta goiztiarreko programa; gaitasun sozialak, akademikoak eta komunikazioa; psikomotrizitate praktika; informazioa eta aholkularitza; senideendako laguntza taldea; elkartearen dinamizazioa; Biak-bat-ekin elkarlana; sentsibilizazio programa; Sakanako Mankomunitatearekin bilerak eta ibarreko koordinazio bilerak.
Asistentzia
Elkarteak hartu duen egoitza Lakuntzako lan-eskola zaharrean dago. Han daude Sakanako Mankomunitatea eta Tasubinsa. Eraikin guztia zortzi udalen jabetza da, baina Lakuntzan dagoenez, udal hori izan da hainbat mantentze lan egin dituena.
Anfasen egoitzaren mustutze ekitaldian elkarteko kideak, profesionalak eta Tasubinsako tailerreko parte-hartzaileak izan ziren. Agintariei dagokienez, Patxi Xabier Razkin, Mikel Azkargorta eta David Oroz izan ziren, Lakuntza, Olatzagutia eta Urdiaingo alkateak. Azken hori, aldi berean, Sakanako Mankomunitateko presidentea ere bada. Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari nagusi Ines Frances ekitaldian izan zen. Berak moztu zuen mustutze ekitaldiko zinta. Baita Unai Hualde (Geroa Bai) eta Asun Fernandez de Garaialde Lazkano (EH Bildu) parlamentariak ere. Han izan ziren ere Nafarroako Kutxa fundazioko Javier Miranda eta Javier Fernandez, La Caixako gizarte ekintzako Izaskun Azkona eta Cermineko presidente Mª Luz Sanz.