Bakearen Artisauak ETAren armagabetzeko lehen saioa joan den urteko abenduaren 16an egin zuten eta atxilotuak izan ziren, Luhuson. Baina haren “eraginak, babesak eta zilegitasunak” ekarri zuen ETA-ren armategiaren desegitea apirilaren 8an. Bakearen Artisauek “bake bidean beste urrats berri bat” eman nahi dute. Oraingoan Frantzian dauden “presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien amaiera lortu” nahi dute. Hau da: “DPS estatusaren kentzea; hurbilketa eta elkarretaratzea; gaixorik dauden presoen askatzea eta baldintzapeko askatasuna, zuzenbide arruntaren baitan eskubide hori lortu dezaketen presoendako”. Horregatik, abenduaren 9rako manifestazioa antolatu dute Parisen.
Mobilizazio horren berri emateko aurkezpena antolatu du Sakanako Sare herritarrak. Frantzian euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikaren akabera eskatzeko Parisen eginen den mobilizazioaren berri Mixel Berhokoirigoien bakearen artisauak, Eneka Maiz Etxarri Aranazko alkateak eta Senideak, Sakanako Sareko kideek eta presoen lagunek emanen dute. Saretik nabarmendu dute “urrats garrantzitsua” dela, “Frantzian egin liteken presioak mugi arazi ditzakeelako estatu espainiarrak momentu honetan erakusten duen blokeo eta itxikeria”. Frantziako espetxeetan bi etxarriar daude preso: Juan Kruz Maiza eta Oihan Barandalla. Sare herritarrak biharko eta Parisko manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu sakandarrak.
Pariserako autobusetan izena emateko tokiak
Herria Tokia
Irurtzun Pikuxar taberna eta Iratxo elkartea
Uharte Arakil Mendikoa kafetegia
Lakuntza Sorginak taberna eta Ogi berri kafetegia
Arbizu Karrika, Argibidea, Arrauts, Baxerri, Kiroldegi tabernak
Etxarri Aranatz Leku ona, Xapatero eta Derry tabernak
Bakaiku Elkartea
Altsasu Txalaparta, Biltoki eta Lezea tabernak