Preferente mailan gauzak ez dira aldatu. Tiebasen aritu zen Lagun Artea, Castillo de Tiebasen kontra. Haizeak gogor jo zuen eta partida baldintzatu zuen. Lehen zatian Tiebasekoek haizea alde izan zuten eta Weboren golari esker markagailuan aurreratzea lortu zuten. Bigarren zatian lakuntzarrak markagailuari buelta emateko gogoz atera ziren eta baloiaren jabetza hartu zuten berehala. Horrela, Unanuak bana berdintzea lortu zuten. Aukera gehiago izan zuten lakuntzarrek, baina Tiebaseko Pomés atezainak geldialdi bikainak egin zituen eta banako berdinketarekin despeditu zen partida.
Bestalde, Beriaindik punturik gabe itzuli ziren Etxarri Aranazko futbol taldekoak. Hemen ere haizeak gogor jotzen zuen. Irabaztera atera ziren bi taldeak, baina lehen zatian ez zen golik egon. Bigarren zatian, alboko falta baten ondoren aurreratu zen Beriain. Handik minutu batzuetara, Etxarriren kontrako penaltia seinalatu zuen arbitroak eta bigarren gola sartu zuen Beriainek. Etxarri erasora pasa zen eta aurrerago jokatu zuen, baina kontraeraso bikaina probestuz, hirugarren gola sartu zuen Beriainek. Eta horrela despeditu zen partida.
Sailkapenean, Infanzones da preferente mailako liderra (23 puntu), Barañaingo Lagunak taldeari 3 puntu aterata. Lagun Artea 12.a da (10 puntu) eta Etxarri Aranatz 16.a (5 puntu). Asteburuan Lagun Arteak Beriain hartuko du Zelai Berrin eta Etxarri Aranatzek Infanzones liderraren kontra jokatuko du, etxean.