Euskadi Murias taldea 2018 denboraldia prestatzen buru-belarri ari da. Taldeak Irurtzungo Plazaola hotela aukeratu du asteburuan kontzentrazioa egiteko. Haiekin batera, Bizkaia Durango taldeko neskak ere izan dira topaketa horretan. Teknikariekin batera 2018ko denboraldiko xehetasunak prestatzeaz gain –egutegiak, entrenamendu plangintzak eta beste–, taldea egitea, hori izan da beste helburua, eta guztiek batera irteerak egin dituzte Aralarko gure mendi eta parajeetan barna.
Euskadi Murias taldeak 2018an saltoa emango du eta kontinental mailako taldea izatetik profesional kontinental mailako taldea izango da. Jon Odriozola da kirol zuzendaria. Irizar, Oscar eta Sergio Rodriguez, Barthe, Samitier, Barceló, Aberasturi, Sanz, Prades, Aristi, Saez eta Loubet dira taldeko txirrindularietako batzuk. Mailaz igota, egutegi hobea izango dute. Euskal Herriko Itzulia, Klasikoa, Vuelta, Colombiako Itzulia eta hainbat proba ziurtatuta dituzte eta ilusioz gainezka daude. Aipatzekoa da taldearen staffean mekanikari lanetan jarraituko duela Patxi Mundiñano etxarriarrak.