Txirrindulari sakandarrak protagonistak Nafarroako Txirrindularitza Galan

Guaixe 2017ko aza. 21a, 12:00

Nafar Kirol Jolasetako sari banaketan sari potoloenak Burunda eta Aralar klubetako txirrindulariendako izan ziren

Larunbatean Nafarroako Txirrindularitza Gala ospatu zen Berriozarren, Nafarroako Txirrindularitza Federazioak antolatutakoa. Bertan, besteak beste, Nafar Kirol Jolasetako Txirrindularitza sariak banatu ziren. Aipatzekoa da txirrindulari sakandarrak galako protagonistak izan zirela, beraiek sari potoloenak jaso zituztelako. Sari ematean Mikel Nieve eta Josu Zabala txirrindulariek hartu zuten parte.

Sarituak
Nafar Kirol Jolasetan, kimuen eta haurren mailan Atarrabian, Tafallan, Lekunberrin, Azpilagañan, Iturmendin eta Lizarran jokatutako lasterketek puntuatu zuten. Emakumezkoen kimuen mailan, bai ginkanan bai linean Aralar klubeko Bakarne Arregi bigarrena sailkatu da, bere taldekide Naia Perez hirugarrena eta Leire Urtasun laugarrena.

Gizonezkoen kimuen mailan, lehen urteko linea lasterketetan, Burundako Iker Gomez izan da lehena eta Aralarko Alain Rosado hirugarrena, Burundako Ion Aierbe laugarrenarekin puntutara berdinduta.  Bigarren urteko kimuen linea lasterketetan, Burundako Mikel Regil bigarrena sailkatu da eta Aralarko Aritz Oiarbide laugarrena. Eta kimuen mailako ginkanari dagokionez, Burundako Mikel Regil izan da txapelduna bere taldekide Asier Etxeberriaren eta Iker Gomezen aurretik.

Gizonezkoen haurren mailan, linea lasterketen lehen urteko sailkapena Burundako Mikel Unzillak irabazi du, eta bigarren urteko sailkapenean Burundako Hugo Aznar nagusitu da Aralarko Martxel Etxeberriaren aurretik. Eta haurren mailako ginkana Burundako Jon Chamorrok irabazi du, Aralarko Jon Erdoziaren aurretik.

Kadeteak eta juniorrak
Kadete mailan Tafalla, Arroniz, Undiano, Legaria eta Lakuntzako lasterketek puntuatu zuten. Aralar klubeko Igor Arrieta txirrindulari uhartearra izan da txapelduna, Burundako Unai Aznar eta Aralarko Aitor Alberdi txirrindularien aurretik. Mendiko txapelketa Burundako Iker Mintegik irabazi du, Aralarko Igor Arrietaren eta Inhar Astizen aurretik, eta aipatzekoa da tartekako helmugen sailkapenean Mintegi bigarrena izan dela. Eta talde onenaren saria Aralar klubeko Intersport Irabia taldeak jaso zuen.  

Bukatzeko, gazteen mailan Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberriak jaso zuen txapeldunaren saria. Horretaz gain, Iturmendikoa junior mailako Challenge Itaroa torneoko txapelduna izan da.