Lakuntzan ospatu zen Hatortxu Rock jaialdiaren 20. edizioa garilaren 27tik 30era. Musika jaialdi horri buruzko dokumentala egin du Iñaki Alforjak: Elkarrekin edozer dugu posible. Zuzendari iruindarrak “dispertsioaren kontrako auzolan erraldoia” 20 pertsonaren istorioen bitartez kontatzen du, sakandarrak barne. “Argi geratu zen Lakuntzan elkarrekin aritzen garenean, indarrak batzen ditugunean, proiektu eta erronka handiena ere arrakastaz atera dezakegula aurrera”.
Lakuntzakoa “ sekula Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena” izan zen. Lau egunetan 85 musika taldez milaka pertsonak gozatu zuten. Guztia behar bezala antolatzeko 6.000 lagunen lan boluntarioa behar izan zen eta horretan aritu ziren 20 pertsona dira, hain zuzen, dokumentalean ageri direnak. “20 istorio hauek elkartasun proiektu honetan bat egiten dute, auzolana erreminta onena bihurtuz”.
Hatortxu Rock musika jaialdia 1999an helburu bikoitzarekin sortu zen: errepresaliatu politikoen egoeraren salaketa eta dispertsio politikak eragiten dituen gastu erraldoiei aurre egitea, senideekiko elkartasun ekonomikoa. “Urrunketa sistematiko honek 28 urte bete ditu eta denbora honetan, gehien bat espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan zigorra betetzen duten senideak ikusteko ehunka kilometro egin behar dituzte astero. 16 pertsona hil dira bisita hauetara bidean”.