Asteartean aurkeztu zuten, Bilboko pilotalekuan, Binakako Pilota Txapelketa. Zortzi bikote lehiatuko dira, lau enpresa bakoitzeko, eta ez dago faborito argirik, enpresek bikote orekatuak diseinatzeko ahalegina egin dutelako. Izan ere, aurreko edizioan Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak izandako nagusitasun hori ekidin izan dute. Eta hori izan zen aurkezpenean adierazi zen ideia nagusia: oreka, bikote parekatuak, faborito argirik ez, edonork irabazi dezake… Beraz, txapelketa ireki baten aurrean gaude eta pilotariek ere hori nabarmendu zuten.
Aspek ondoko bikoak aurkeztu ditu: Altuna III.a-Martija; Irribarria-Merino II.a; Ezkurdia-Zabaleta; eta Elezkano II.a-Rezusta. Asegarceren bikoak hurrenak dira: Olaizola II.a-Imaz; Bengoetxea VI.a-Larunbe; Urrutikoetxea-Ladis Galarza eta Victor-Albisu. Bikote politak dira guztiak.
Txapelketa asteburu honetan hasiko da eta apirilaren 8ra arte luzatuko da. Ia 4 hilabeteko pilota jarduna, beraz. Lehen fasean bikote denek elkarren aurka jokatuko dute bi aldiz. 14 pardunaldi izango dira guztira. Astebeteko atsedenaldiaren ondoren, lehen lau sailkatuek itzuli bakarreko ligaxka jokatuko dute finalerdietan eta beste asteko atsedenaren ondoren finalerdietako lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute, apirilaren 8an oraindik zehaztu ez den egoitzan.
Enpresen esku egongo da pilotari jakin batek partidaren bat ez jokatzea eta ordezkoa aukeratzea. Pilotari batek pilotari bat baino gehiago ordezka dezake fase berean.
Martija pozik
Etxeberriko Julen Martijak Binakakoan debutatuko du. Baita ere Ladis Galarzak. Martijak bidaide bikaina izango du, lau t´erdiko txapeldun berri Altuna III.arekin. Biko gazteena da, 20 eta 21 urte baitituzte. “Aurreko astean esan zidaten jokatuko nuela, baina banuen ilusioa. Aukera bikaina da, eta Altuna sekulako kidea da. Oso ondo moldatzen gara, pilotalekutik kanpo eta barruan, eta hori garrantzitsua da” esan zuen Etxeberrikoak aurkezpenean, oso kontentu. Altunak beterano lanak egin beharko ditu estelarretan segurtasun nabarmena erakutsi duen sakandarrarekin. Etxeberrikoak aipatu zuen jokatzeko gogotsu dagoela eta, aldi berean, urduritasun puntu bat duela. “Nire maila erakusteko aukera baten moduan hartzen dut, gora egiten jarraitzeko moduan”.
Ezkurdia eta Zabaleta, hirugarrenez
Ezkurdia eta Zabaleta elkarrekin ariko dira berriro ere. 2014an eta 2015ean ere elkarrekin aritu ziren sakandarrak; 2014an finalerdietatik partida bakarrera gelditu ziren eta 2015ean finaletik partida bakarrera. Bikote klasikoa, indar handikoa, primeran elkar ulertzen dute eta maila polita emango dutela espero da.
Ostiralean hasiko da txapelketa, Beran. Ezkurdiak eta Zabaletak Olaizola II.a eta Imaz izango dituzte aurkari, Beran. Material aukeraketa gaur eginen dute, 15:30ean. Gaur ere materiala aukeratuko dute Altuna III.ak eta Martijak, goizeko 11:30ean Labriten. Urrutikoetxea eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari larunbatean bonboneran. Ikuskizuna has dadila!
Binakakoa. 1. jardunaldia
Olaizola II.a-Imaz / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 21:00etan, Beran. ETB1)
Urrutikoetxea-Galarza / Altuna III.a-Martija (larunbatean, 17:00etan, Iruñean. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Victor-Albisu (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)
Elezkano II.a-Rezusta / Irribarria-Merino II.a (astelehenean, 16:30ean, Tolosan. ETB1)