Madariagak XVII-XIX. mendeetako euskararen egoerari buruz hitzaldia emanen du

Guaixe 2017ko aza. 22a, 13:22
Juan Madariaga, eskuinean.

Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea erakusketaren programa osagarriko hirugarren hitzaldia da gaur, 19:00etan, Nafarroako Artxiboan emanen duena. Euskaraz ariko da, aldibereko gaztelaniazko itzulpenarekin

Juan Madariaga historialari eta irakasleak hitzaldi bat emanen du XVII., XVIII. eta XIX. mendeko euskararen egoerari buruz. Unibertsitate Konplutentsean lizentziatuta, Madariagak (Madril, 1949) doktoregoa atera zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Oñatiko haranean heriotzaren aurrean hartutako jarrerei buruz. Hortik aurrera gizarte, kultura eta pentsamoldeen arloan ikertu du. Duela gutxi hizkuntzak euskal imajinarioan duen eginkizunari buruz ikertu du.

Hainbat argitalpen egin ditu aldizkari espezializatuetan eta lan kolektiboetan. Bere azken argitalpenak euskararen ingurukoak izan dira: euskararen aldekoen eta aurkakoen antologia bat, ingelesez argitaratutakoa 2006an Nevadako Unibertsitatearen eskutik (AEB) eta gizartearen eta euskararen azterlan bat XVII. eta XVIII. mendeetan, 2014. urtean Euskaltzaindiak argitaratutakoak.
Ia hiru hamarkadetan irakasle gisa aritu zen UNEDen (Bergaran), eta zentro horretako zuzendaria ere izan zen. 2000. urtetik Historia Garaikideko irakasle titularra da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Euskal Ikasketen unibertsitateko graduondoko espezialistaren zuzendaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoak UNEDekin eta Euskaltzaindiarekin batera emandakoa.