Udaletatik emakumeen kontrako indarkeriaren aurka

Guaixe 2017ko aza. 24a, 08:34

Elkartasuna adierazi diete “erasorik jasan duten edo eraildako emakumeekin eta sexu indarkeriari aurre egiten dioten emakume eta neskekin”. Aldi berean, jendarteari gonbidapena egin diote “emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten eta hura deuseztatzeko konpromisoa adierazten jarrai dezan”

Emakumeen kontrako indarkeriari eskura dituzten baliabide guztiekin aurre egiteko konpromisoa agertu dute Nafarroako laurogei toki entitatek. Horien artean daude Arakilgo, Arbizuko, Etxarri Aranazko eta Altsasuko udalak. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente Pablo Azkonak esan zuenez, ekitaldiarekin “toki entitateek emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako borroka berresten dugu”. Erakundeetako ordezkariak joan den ostiralean elkartu ziren eta osoko bilkuretan onartutako adierazpen bateratua irakurri zuten.

Udal ordezkariek onartutako adierazpenean “emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten diskriminazioen ondoriozko sexu indarkeria mota guztiak” gaitzetsi dituzte. Aldi berean, “administrazio publiko garen aldetik, aktiboki lan egiten jarraitzeko emakume eta nesken kontrako zaurgarritasun eta indarkeria egoerek sortzen dituzten desberdintasun guztien aurka” egiteko konpromisoa hartu dute.

Aldi berean, Europako Batasunean “asiloa eskatu duten emakume errefuxiatuen egoerari buruzko Ebazpena bete dadila” exijitu dute. Genero indarkeriaren kontrako estrategia integratuak aplikatu behar direla onartzearekin batera jaso zen “emakumeak inskribatu eta dokumentatu behar direla modu indibidualean haien segurtasuna eta autonomia bermatzeko”. Eta Europar Batasunean asiloa “lortzeko jazarpen eta motibo baliagarri gisa aitortu behar direla, besteak beste, sexu eta genero indarkeria, emakumezkoen mutilazio genitala, nesken edo emakumeen salerosketa, ezkontza behartuak, ohorezko krimenak, estatuek babesten duten sexu diskriminazioa”.  

Adierazpena
Feministen aldarrikapena bere eginez, Nazio Batuen Erakundeak duela 18 urte erabaki zuen azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria ikusarazteko eta gaitzesteko eguna izendatzea. Horren bidez gobernuei, instituzio publikoei, nazioarteko erakundeei eta gizarte zibilari hausnarketa egin eta konpromisoak hartzeko gonbidapena egiten zitzaien. Toki entitateen adierazpenak dioenez, “18 urte hauetan indarkeria matxistaren egiturazko izaera nabarmendu dugu, horixe baita emakumeenganako menderatze harreman asimetrikoen adierazpenetako bat, zeinaren gainean patriarkatua eraikitzen den”.

Eta gaineratu dute, “azaroaren 25 bakoitzean munduko leku guztietan emakume eta neska izate soilagatik emakumeek eta neskek aurre egin behar izaten dioten indarkeria mota eta adierazpen anitzak ikusarazi nahi izan ditugu, indarkeria hori gertatzen den esparru horiek guztiak identifikatu eta haietan sakondu dugu, eta indarkeria hori deuseztatzeko baliabideak eta neurri espezifikoak exijitu ditugu”.

Errefuxiatuak
Aurtengo adierazpenak emakume errefuxiatuei egin die aipamen berezia. Europar Batasuna errefuxiatuak birkokatzeko ezarritako eguna igaro dela gogorarazi dute. “Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak sortzen eta birsortzen dituen egitura patriarkalarekin berarekin lotzeari utzi gabe, indarkeria hori are larriagoa da neska eta emakume errefuxiatuak bizitzen ari diren zaurgarritasun handiko egoeretan”. Gaineratu dutenez, “genero desberdintasunak gure garaiko giza eskubideen urraketa iraunkorrenetako bat izanik, gerra eta gatazka armatuko testuinguruetan desberdintasun horien ondorioak onartezin bihurtzen dira nazioarteko komunitatearen iritziz”.   

Europara iristen diren emakume eta neska errefuxiatuen “baldintzak eta errealitateak presenteago egon beharko lirateke administrazio guztien agenda politikoetan”. Leku batetik bestera mugitzean emakumezko horien egoera gero eta okerragoa dela nabarmendu dute; “neska eta emakume errefuxiatuek honako egoera latzak pairatzeko arriskua izaten dute: sexu indarkeria, oinarrizko zerbitzuetarako sarbidearen ukazioa (osasuna edota hezkuntza), gizarte bazterketa, ezkontza behartuak, haurduntza goiztiarra, sexu edo lan esplotaziorako salerosketa sareetan harrapatuta izatea, eta abar”. Horren aurrean, “neska eta emakume guztiei aukera berdintasuna eskaini eta bermatzeko betebehar legal, politiko eta etikoari erantzuteko beharra eta premia dugu, zernahi ere den haien jatorria eta egoera”.