Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek, tartean Sakanako Mankomunitateak, www.era.eus webgunea sortu dute, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko. Izan ere, familia askok aukeratzen dute euskarazko irakaskuntza, baina familia horien ingurunea askotarikoa da: familia batzuk euskaraz dakite, beste batzuk, aldiz, ez, edo soilik familietako kide batzuk erabiltzen dute bakarrik.
Guraso askok kezka dute, jakin nahi dute nola laguntzen ahal duten euren seme-alaben hizkuntza-garapenean, non aurkitu ditzateken euskarazko produktuak, eta eskaera horiek kontuan hartuta sortu dute euskara zerbitzuek www.era.eus webgunea. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza izan dute proiektua aurrera eramateko. Webgunea asteartean aurkeztu zuten Iruñeko Kondestable Jauregian Marga Erdozain Malerrekako Mankomunitateko ordezkariak, Aritz Romeo Iruñeko udaleko ordezkariak eta Mari Carmen Izkue eta Joseba Segura gurasoek.
Euskarazko musika, jolasak, aplikazioak, ipuinak, ikastaroak, agenda…
Euskara zerbitzuetako bulegoetara makina bat zalantzekin jotzen dute gurasoek. Zalantza horiek guztiak erantzuten jarraituko dute teknikariek, baina horretaz gain, zalantza nagusien inguruko informazioa ikusgai jarriko dute www.era.eus web gunean. Eta, jakina, gurasoendako interesgarria izan daitekeen bestelako informazioa ere emanen da.
Finean, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaini nahi zaizkie: gurasoen ohiko zalantzak argitzeko informazioa emango da, interneten haurrendako prestatutako edukiaren berri emanen da –ipuinak, jolasak, musika, aplikazioak… –, 0 eta 12 urte bitarteko haurrendako eskolaz kanpoko jardueren berri –kirolak, ikastaroak, ludotekak…– eta haurrendako dagoen euskarazko eskaintza jasotzen duen agenda eskainiko da, eskualdeka antolatuta, besteak beste.