Orain presoak! Denok Pariserat leloa duen manifestazioa eginen da Frantziako hiriburuan abenduaren 9an. Sakanako Sarek hura aurkeztu zuen larunbatean eta hartan parte hartzera animatu zituen sakandarrak. Sare herritarraren izenean Mikel Mundiñanok hartu zuen hitza eta adierazi zuenez, “elkarbizitzan, etorkizun oparoago batean eta benetako bakean sinisten dugunok argi dugu ezin direla helburu horiek lortu gatazkaren ondorioak itxi gabe jarraitzen duten bitartean. Urratsak egin behar dira benetako konponbidearen alde eta urrats horiek egiteko uste dugu gizarte aktibazioa eta herri mobilizazioak izan behar dutela protagonista”.
Sarekideak adierazi zuenez, abenduaren 9koa ez da manifestazio bat gehiago. “Gizartea protagonista” izan zen ETAren armagabetzean. Hori lortzeko “jendarte zibilaren aktibazio eta mobilizazioak ezinbestekoak izan baziren bizi genuen desblokeo egoera gainditzeko eta hortaz armagabetzea emateko, berdin-berdin, ezinbesteko giltza izan behar da pauso berriak eman eta gelditzen diren gainontzeko ondorio guztiei aurre egiteko: presoak, biktimak, errekonozimendua, elkarbizitza…” Gaineratu zuenez, “armagabetzea bake justu eta iraunkorrerako etapa garrantzitsua bada, presoen etxeratzea eta gatazka honek eragin dituen gainontzeko ondorioen soluzioa ere lehentasunezkoak dira”.
Oraingo mobilizazioak Frantziar Estatua “interpelatzea” duela helburu esan zuen Mundiñanok, “Frantzian euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko”. Frantzian zerbait mugitzen ari dela adierazi zuen. “Behin betiko” konponbidearen baitan, “helburua euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien amaiera exijitzea da. Honakoa eskuratuz: presoak hurbiltzea eta elkartzea, gaixorik dauden presoak kaleratzea eta baldintzapeko askatasuna ematea”. Neurri horiek “urgentziazkoak” zirela gaineratu zuen. Frantzian gertatzen denak Espainiako Gobernua “jarrera inmobilistan bakarrik utziko luke eta bere jarrera egoskorrean mantentzea zailago bilakatuko”.
Alkateak
Mobilizazioarekin Sakanako 11 alkatek bat egin zuten. Haien izenean Eneka Maiz Ulaiarrek, Etxarri Aranazko alkateak, hitza hartu zuen. Lehenik Foro Sozialak “bake prozesua indartzeko egiten ari den lana” aitortuz hasi zen. “Lan transbertsala egiten dute, inklusiboa, tinkoa eta atzera bueltarik ez duena”. Forokoen hitzak bere eginez, Maizek esan zuen “behin betiko bakea lortzeko blokeo anitzak dauzkagu gaur egun eta blokeo horiek hausteko dinamikak planteatzen ari dira”. Foroaren lanak “kontsentsu zabalak lortzen” ari direla eta udalak horretan bidelagun izanen direla gaztigatu zuen. Presente zeuden alkateek, besteak beste, “preso eta iheslari guztiak etxera ekarri arte eginen diren ekimen guztiekin bat eginen” dutela jakinarazi zuen. Jarritako helburuak lortzeko “elkarlana, eskuzabaltasuna, amorruak alde batera uztea, tinkotasuna eta atzera bueltarik ez izatea” beharrezkotzat jo zuen. Parisera joateko deialdia ere egin zuen.
Senideak
Etxarriko presoen senideen izenean Xochitl Karasatorrek, hartu zuen hitza eta lehen lehenik Parisko mobilizazioari babesa azaldu zion. Eta jendeak manifestaziora joatera animatu zuen. “Haien etxeratze bidean urratsak emateari berebiziko garrantzia aitortzen diogu eta zentzu honetan abenduaren 9ko ekimena norabide horretan ikusten dugu”. Jon Gurutz Maiza eta Oihan Barandalla Frantzian preso daudela gogorarazi zuen eta “ezartzen zaien salbuespenezko legediarekin bukatzeko aukerak badaudela” esan zuen.
“Espetxe politika krudel horrekin bukatzeko unea” dela nabarmendu zuen. Bide batez, Karasatorrek jakinarazi zuen herriko zazpi presoek Parisko mobilizazioarekin bat egin eta egun horretan ez dutela bisitarik hartuko. Gainera, Lannnemezan espetxean Barandallaren eta beste euskal presoen ekimen baten berri eman zuen: Frantziako hautetsi, erakunde, alderdi ezberdinei gutun bidalketa masibo bat egitea. Gutunean salbuespenezko legediaz euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politika indargabetzeko haien eskutan egon daitekeena egiteko eskaera egiten zaie. Gutunaren kopiak ohiko tokietan banatu dituzte, jendeak bidal ditzan.