Batzea, euskal herriratzea, kaleratzea ardatzak ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) udan despeditu zuen eztabaidaren mamia. Kolektiboak eragile aktibo izan nahi du “bakegintzan eta Euskal Herrian azkartu nahi den prozesu independentistan. Horretarako, beraien esku dauden baliabide guztiak erabiliko dituzte lehenbailehen herrira itzultzeko, baliabide juridikoak barne”.
Ildo berria indarrean jartzeko espetxeetan urratsak ematen hasiak dira. Zigorraren erredentzioak lortu ahal izateko kartzela barruko lan destinoak eskatzen lehenetako bat Curtis-Teixeiroko espetxeko presoen batzarra izan da. Han dago preso Luis Mariñelarena etxarriarra. EPPKko kideak badakite bide berria ez dela “xamurra” izanen. “Abokatuen laguntzarekin batera, herriaren babesa ezinbestekoa” dute aurrera egiteko. EPPKren ildo berria elikatzeko Etxarri Aranatzen antolatutakoen artean dago larunbatean izanen den hitzaldia: Amaia Izko abokatuak egoera eta baliabide juridikoen inguruko azalpenak emanen ditu; eta Xabier Alegria EPPK-ko mintzakide izandakoak presoek egin duten apustuaz hizketatuko da. Hitzordua kultur etxean da, larunbatean, 19:00etan.