Behin eta berriz salatu dugu Etxerat Elkartetik gaixo diren euskal preso politikoen kopurua esponentzialki igotzen ari dela denboraren poderioz. Guztira 91 preso ditugu nolabaiteko gaitza dutenak; horietatik 13k (duela zortzi urte baino bost gehiago) gaixotasun larriak dituzte; antzeko baldintzetan beste 8k ez dute nahi beren identitatea jendeak ezagutzea.
Ezin ditugu ahaztu presoen familia eta adiskideen inguru hurbilenean sakabanaketa politikak eragiten dituen ondorioak. Horregatik gaur publikoki salatu nahi dugu, bereziki krudela delako, Castello I espetxean bere etxetik 550 kilometrora aurkitzen den Jesus Mari Altable preso iruindarraren kasua. Parkinsonak jota dagoen eta 92 urte dituen bere amari bisita egiteko eskariari uko egin diote. Ezin dugu onartu Castello I espetxeko zuzendaritzak eta Espetxe Instituzioaren zuzendaritzak Txuma Altableri bere senideen bisitak debekatu izana.
Kasu honetan gainera, bere senideengandik gertu egoteko espetxe aldaketa eskatu dezake Jesus Mari Altablek, horretarako baldintzak betetzen dira kasu honetan espainiar Auzitegi Nazionalaren fiskaltzak egindako txostenaren arabera. Horrekin batera Espetxe Zaintzako epailearen jarrera gogor salatu nahi dugu, Jesus Mari Altableren eskaeraren kontra behin eta berriz prozedura atzeratzen ibili delako.
Europako Parlamentuak duela gutxi onartutako Bergeron txostena aipatu beharra dago kasu honen harira. Kartzela baldintzak eta ereduak aztertzen dituen txostena 474 aldeko bozka izan zituen eta 109 kontra eta urruntze politikak presoaren senideentzat zigor erantsia suposatzen duela dio. Horregatik euskal presoen kontrako salbuespeneko neurriak bertan behera uztea proposatzen du.
Bisitak egiteko eta haien senideekiko lotura bermatzeko eskubideak ukatu egiten zaie inposatutako baldintzak ezin dituztelako gainditu. Horregatik Etxerat Elkartetik, sistematikoki urratuak izaten ari diren eskubideak errespetatzea exijitzen dugu eta kasu honetan, salbuespeneko espetxe politikaren arduradunei Jesus Mari Altable bere familiarekin egotea eskatzen dugu.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!