Zoria

kolaboratzaileak

Askotan harrigarri egiten zaizkit gure hizkuntzak nola gorde dituen gure historiaren aztarnak. Hizkuntza aurre-indoeuropearra izaki, gurean asko dira erromatarren hizkuntza hilaren mailegu zaharrak. Latindar haien zibilizazioak txunditurik utzi zituen nonbait baskoiak. Guaixe berari ere haien mailegu den orai (ora) hitzetik datorkio izena. Hauen artean bitxienetariko bat augure edo aurispice igarleekin lotzen gaituena da.
Erromatarren artean, Romulo izan zen lehen augurea, txorien hegaldia aztertuz, Jupiterri bai ala ez erantzuteko galderak egiten zizkion aditua. Erroma  Palatino edo Aventinoko muinoen gainean eraikitzearen erabakian adibidez. Zerua lau norabideetan banatu eta arrano, sai, hontz edota beste txori mota batzuen hegaldiaren edota egindako soinuen arabera jainkoen borondatea ekintza bat edo beste egitearen aldekoa zen jakin omen zezaketen. Bai ala ez, baina ezin jakin kaltegarria edo komenigarria zen, jainkoen borondatea zela soilik.
Ezkerretik zetozen bele, arrano edo bestelako harrapariek baietza zekarten. Gaztelako heroi epikoa dugun Cid ospetsuak ere Burgos uztean ezkerretik doakion belea atzematean aurrera egitea erabakitzen du. Guretzat, txori onak eta txori txarrak, zoriona eta zoritxarra. Hauen hegaldian atzematen erakutsi ote ziguten ba gure konkistatzaile erromatarrek? Haien ikasle apartak izan ginen seguru, zahartuko ginen haiek ikasten, agure bihurtuz.  Augureek zorion eta zoritxarra ikusteko gai baziren, haiek aipatzea ez zegoen sobran norbait uztean. Agur!