Azkeneko jardunaldiak bide beretik jarraitu du eta preferente mailako gure taldeek bolada makalean jarraitzen dute. Lakuntzan jokatu zuen Lagun Arteak, Beriainen kontra. Puntuen faltan dauden bi taldeen arteko lehia izan zen Lakuntzakoa, baina, tamalez, puntuek Beriainera egin zuten ihesi eta Lagun Artea jaitsiera postutara jaitsi da, Etxarrirekin batera.
Lehen zatian jokoaren kontrola hartzen saiatu zen Lagun, baina Beriain hobeto kokatu zen zelaian eta sake baten ondoren aurreratu ziren bisitariak. Bigarren zatian Lagun Arteak gol aukera ederrak sortu zituen; hirutan ere berdintzeko aukera izan zuten lakuntzarrek, baina ez zuten zortea alde izan. Aldiz, bi minutu eskasetan Beriainek bi gol sartu zituen. Lagun Artea saiatu zen, baina Beriainek ongi defendatu zuen eta 0 eta 3 irabazita, 3 puntu preziatuak lortu zituen. Lakuntzarrak egoera konplikatuan daude, jaitsiera postuetara jaitsi baitira.
San Donato zelaian, berriz, Etxarri Aranatzek Infanzones liderra hartu zuen. Bi taldeak bikain aritu ziren. Etxarri saiatu zen, baina ez zuten Infanzoneseko atezaina estu hartzeko aukerarik izan. Infanzonesek, aldiz, baloi geldiko jokaldietan mina egiten hasi zen eta horietako batean aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatian, antzeko joerarekin jarraitu zuen partidak. Arbitroak Etxarriko Javi aldageletara bidali zuen eta etxarriarrek partidari buelta eman zioten. Horrela, Oihanek berdintzea lortu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida.
Sailkapen orokorrean Infanzonesek jarraitzen du lider (24 puntu). Lagun Artea 14.a da, 10 punturekin eta Etxarri Aranatz 15.a , 6 punturekin. Hurrengo jardunaldian Infanzones liderraren kontra jokatuko du Lagun Arteak eta sailkapenean seigarrena den Arrotxapea izango du aurkari Etxarrik.