Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Sakana, iragana eta oraina argazki lehiaketa antolatu du. Hartan parte hartu nahi dutenek ibarreko toki esanguratsuei, paisaiei, ondareari, turismo baliabideei eta abarri egin beharko diete argazkia. Haiek denborarekin zein aldaketa izan duten islatzea da lehiaketaren helburua. Horretarako, parte-hartzaileek etxeko albumeko argazki bat hartu dezakete eta eduki bera duen argazki bat egin beharko du, iraganaren edo orainaren arteko eraldaketa islatuz. A maila da hori. Etxeko albumean argazki zaharrik ez duenak www.sakanagaratzen.org web orrian bederatzi argazki ditu aukeran eta haietan oinarrituz parte hartu dezake lehiaketan. B maila da hori.
Argazkiak gaurtik abenduaren 15era arte aurkeztu daitezke. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki bikote aurkeztu ditzake A mailan eta hiru argazki solte B mailan. Argazkiak JPG eta paper formatuan bidali beharko dira, gehienez A4 tamaina izan beharko dute. Paperezko argazkiak honako helbidera bidali beharko dira plika sistema erabiliz: Sakanako Garapen Agentzia. Utzubar industria gunea, 8, 31839 Arbizu (Nafarroa). Argazki digitalak gutxienez MB bateko tamaina izan beharko dute eta info@sakanagaratzen.com e-postara bidali beharko da.
Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak www.sakanagaratzen.com web orrian eta SGAren Facebook-eko profilera igoko dituzte. Azken horretan bisitariek aukera izanen dute gustukoenaren alde egiteko atsegin dut aukera sakatuz. Bi mailetan atsegin dut gehien duten bost proposamenen artetik aterako dira sarituak. Baina sariak epaimahaiak emanen ditu. Bi mailetan sari berak izanen dira: Canon EOS 1300D reflex argazki kamera eta Sakanako produktuez osatutako eguberritako zarea.
Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak SGAren esku geldituko dira, egoki deritzon jarduera eta formatuan argitaratu ahal izateko, beti ere irabazi asmorik gabe eta egilearen izen-abizenak
aipatuz. 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izanen du lehiaketan; bestela, 16 urtetik beherakoek guraso edo tutorearen baimena beharko dute.