Larriki gaixo dagoen Iparragirre askatzeko aldarrikatu dute

Guaixe 2017ko aza. 28a, 11:44

Bera bezala espetxean gaixo dauden beste hamabi presoen askatasunaren aldeko auto karabana egin zuten

Sakanako Sare herritarrak antolatuta protestaldi mugikorra egin zen larunbatean ibarrean barna. Etxarri Aranaztik abiatu eta Irurtzun eta Ziordia helmuga zuten bi auto karabana abiatu ziren. Adar bakoitzaren buruan anbulantzia bat zihoan, pasatzen ziren herrietara iristean megafonia eta sirena hotsez larriki gaixo dauden presoen egoeraren berri ematen zutenak.

Sareko kideek azaldu dutenez, Ibon Iparragirre presoaren bizia “arrisku larrian” dago. HIESak jota, “jada gutxi zituen defentsek behera egin dute eta gaur gaurkoz 20 defentsa baino ez ditu”. Abokatuek haren etxeratzea eskatu dute, “espainiar legedia betez. Baina espainiar justiziak zein espetxe zuzendaritzak pilota elkarri pasatzen ari dira, eta oraindik orain, abokatuek ez dute eskariaren erantzunik jaso”. Sareko kideen ustez Iparragirrek “etxean egon behar du, gizatasunagatik, duintasunagatik, bere eskubidea delako eta legediak berak ere hala agintzen duelako; ez da argudiorik larriki dauden presoak kartzelan mantentzeko”.

Larunbateko mobilizazioaren deitzaileek nabarmendu dutenez, “giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen eraikuntzan urratsak emateko salbuespen neurriak bertan behera utzi eta presoen auzia behin betiko konpontzea ezinbestekoa da”. Gaineratu dutenez, “gaixo larrien askatasunaren alde eta oro har gatazkaren konponbidean urratsak emateko gizarte aktibazioa eta herri mobilizazioak beharrezkoak direla” azpimarratu dute.

Larriki gaixo dauden presoak
Ibon Iparragirre, Josetxo Arizkuren, Garikoitz Arruarte, Jagoba Codo, Ibon Fernandez, Jose Ramon Lopez Abetxuko, Aitzol Gogorza, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Joseba Borde, Mikel Arrieta, Manu Azkarate eta Txus Martin.