Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Maria Markotegi lehiaketaren deialdia egin berri du. Ikasleen euskarazko sormena sustatu nahi du sariketak. Orain arte hiru sail izan ditu lehiaketak: narrazio laburra, poesia eta komikia. Horiei aurten booktubea gehitu zaio. Hau da, sail horretan parte hartzen duten ikasleek gogoko duten liburu baten inguruko iritziak edo hura gomendatuz azalpenak eman beharko dituzte bideo batean. Liburu aurkezpen dinamiko eta atseginak sortzen dira horrela.
Baina ez da aurtengo edizioaren berritasun bakarra. Azken urteetan Lehen Hezkuntzako 1-4 mailetako ikasleek idazle baten testuan oinarrituta ilustrazioa egin behar zuten. Aukera hori baztertu egin du Euskara Zerbitzuak eta lehiaketan Lehen Hezkuntzako 3. mailatik aurrerako ikasleek parte hartzeko aukera izanen dute.
Sariak
Lehiaketara aurkezten diren parte-hartzaile guztiek sari bana izanen dute. Gainera, maila bakoitzeko bina sari banatuko dute epaileek. Saritu guztiek eBook bana jasoko dute. Lehiaketak bost maila ditu: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak; DBHko 1. eta 2. mailak; DBHko 3. eta 4. mailak eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena. Maila bakoitzean bina sari emanen dira eta guztiek sari bera jasoko dute eBook bana.
Ikasleek euren lanak plika sistema erabiliz aurkeztu behar dituzte Mank-en Lakuntzako egoitzan. Lanak aurkezteko epea 2018ko martxoaren 23ko 15:00etan despedituko da. Ikastetxeek eta liburutegiek ikasleen lanak aurkezteko aukera izanen dute.
Baldintzak
Beti ere, Maria Markotegi lehiaketara aurkezten diren lanak honako baldintzak kontuan hartu beharko dirtuzte: lanak originalak izan behar dute, aurretik saritu eta argitaratu gabeak, bakarkakoak eta euskaraz sortuak. Ez dituzte bertso paperak onartuko. Narrazio laburren eta poemen kasuan idazleek 12 puntuko hizki tamaina erabili beharko dute. Komikien kasuan, txuri-beltzean edo kolorez aurkeztu ahalko dira. Mank-etik azken lan horiek A3 tamainan aurkeztea aholkatu dute, testuak ongi ikusi ahal izateko. Booktube bideoen kasuan USB memoria giltza batean aurkeztu beharko dira edo, bestela, wetransfer bidez euskara1@sakana-mank.eus helbidera bidali behako da, aparteko fitxategi batean datuak gaineratu beharko dira.
Narrazio labur, poema, komiki eta booktubeen luzera | ||||
Maila | Narrazio laburra | Poesia | Komikia | Booktubea |
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. | Orrialde 1 gutxienez 4 orrialde gehienez | 10 lerro gutxienez 50 lerro gehienez | Orrialde 1 gutxienez 2 orrialde gehienez | |
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. | 2 orrialde gutxienez 5 orrialde gehienez | 20 lerro gutxienez 50 lerro gehienez | Orrialde 1 gutxienez 3 orrialde gehienez | |
DBHko 1. eta 2. | 3 orrialde gutxienez 6 orrialde gehienez | 30 lerro gutxienez 80 lerro gehienez | 2 orrialde gutxienez 4 orrialde gehienez | Minutu eta erdi gutxienez 2 minutu gehienez |
DBHko 3. eta 4. | 4 orrialde gutxienez 7 orrialde gehienez | 40 lerro gutxienez 80 lerro gehienez | 2 orrialde gutxienez 5 orrialde gehienez | Minutu eta erdi gutxienez 3 minutu gehienez |
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloak | 2 minutu gutxienez 4 minutu gehienez |