Sakana Triatloi Taldeko hiru kide, Nafarroako txapeldunak

Maider Betelu Ganboa 2017ko aza. 29a, 13:00

Francisco Javier Gomez, Peio Bergara eta Sergio Garcia de Eulate. Argazkia: Ginesa Lopez.

Larunbatean 2017 denboraldiko sariak banatu ziren Nafarroako Triatloi Galan. Sakana Triatloi Taldeko Nahia Imaz, Francisco Javier Gomez eta Peio Bergara Nafarroako txapeldunak dira eta Juan Luis Maiza ere oholtzara igo zen

Larunbatean Sarrigureneko Maristas ikastetxeak Nafarroako Triatloi Gala hartu zuen. Hiruki Triatlón-Valle de Egües taldeak antolatutako ekitaldian, bestetak beste, 2017 denboraldiko Nafar Kirol Jolasen Duatloi eta Triatloi Txapelketetako sariak eta Nafarroako Duatloi eta Triatloi Zirkuituko sariak banatu ziren.

Sakana Triatloi Taldeko kideek denboraldi bikaina egin dute eta oholtza gainera igotzea egokitu zitzaien. Nafar Kirol Jolasetan, haurren, kadeteen eta juniorren mailako sariak banatu ziren. Sakana Triatloi Taldeko Nahia Imaz Nafarroako triatloi eta duatloi txapelduna izan da emakumezkoen haurren mailan. Sari bikoitza jaso zuen, beraz, sakandarrak.

Eta maila nagusiari dagokionez, 23 urtez azpikoak, eliteak eta beteranoak lehiatzen diren Nafarroako Duatloi Zirkuituan, Sakana Triatloi Taldea Nafarroako txapeldunordea izan da, Tri-Ur Gazia txapeldunaren atzetik. Beterano 2 mailan talde sakandarreko Francisco Javier Gomezek Nafarroako txapeldunaren saria jaso zuen. Aldi berean, Gomez gizonezkoen maila absolutuko Nafarroako txapeldunordea izan zen. Sakana taldeko Juan Luis Maizarendako, berriz, beranoen 2 mailako sailkapeneko hirugarren saria izan zen. Eta beterano 3 mailan, 60 urtez gorakoen mailan, Sakana taldeko Peio Bergarak jaso zuen Nafarroako txapeldunaren saria.

Garcia de Eulatek Espainiako Triatloi Kopako saria jaso zuen
Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulatek Espainiako Distantzia Erdiko Kopan parte hartu zuen 2017 denboraldian. Zazpi probek puntuatzen zuten eta horietatik Orihuelako Triatloian, Iruñeko Half Triatloian, Valentziako Triatloian eta Guadalajarako Half Triatloian lehiatu zen altsasuarra. Egindako lan bikainari esker, Espainiako Distantzia Erdiko Kopako proba absolutuan 16.a sailkatu zen Garcia de Eulate, eta bere adin tartean, 35-39 urteen artekoan, Espainiako txapelduna izan da. Espainiako txapeldunaren saria Nafarroako Triatloi Galan jaso zuen sakandarrak.

NAFARROAKO GALAN SARITUTAKO SAKANDARRAK
* Nafar Kirol Jolasetako saritu sakandarrak (haurrak, kadeteak, juniorrak)
DUATLOIA: 
-Emakumezkoak, haurrak: 1. Nahia Imaz (Sakana Triatloi Taldea)
TRIATLOIA
-Emakumezkoak, haurrak: 1. Nahia Imaz (Sakana Triatloi Taldea)

* Nafarroako Duatloi Zirkuituko saritu sakandarrak (23 urtez azpikoak, eliteak, beteranoak):
-Taldeka: 1. Tri-Ur Gazia. 2. Sakana Triatloi Taldea

-Beterano 2 maila: 1. Fco. Javier Gomez (Sakana Triatloi Taldea). 3. Juan Luis Maiza (Sakana Triatloi Taldea)

-Beterano 3 maila (60 urtetik gorazkoak). 1.Peio Bergara (Sakana Triatloi Taldea)

-Gizonezkoen maila absolutua: 2. Fco. Javier Gomez (Sakana Triatloi Taldea)