Protagonismoa

SASOIA Jubilatuen elkartea 2017ko abe. 1a, 08:06

kolaboratzaileak

Badirudi adineko giza-emakumeak protagonismoa hartzen ari garela gizartean eta, batez ere, politikoen agendan. Azkenaldi honetan, hedabideetan sarritan ateratzen dira adinekoen arazo, behar eta  hainbat proposamen. Eta badira prentsan agertzen ez direnak, baina adinekoen munduan murgilduta gabiltzanok badugu saialdi horien berri: ordezkaritza, kudeaketa antolamendua…
Gurera etorrita, Nafarroan Gobernuak urte honetan hausnarketa prozesua antolatu du adinekoen partaidetza eta elkartzeari buruz. Instituzioek horrelako gauzak antolatzen dituztenean, badakigu oso maila onekoak izaten direla, baina emaitzari begiratzen badiogu, murritza gelditu dela esan behar. Helburu nagusia adinekoen kontseiluari protagonismo handiagoa ematea izan da, baina, dirudienez, ez da aldaketa nabarmen bat egiteko asmorik, eragin gutxiko ordezkaritza izango da jubilatuena. Guk, gure jubilatu guztien artean aukeratutako ordezkariak nahi ditugu, gure eskubideak instituzioetan aldarrikatu eta babesteko.
Etxera etorrita, jubilatuei buruz Sakanan egiten ari den lana aipatu behar dugu. Ez da gaurko berria, uste dut “GUAIXE” astekari batean aurkeztu zela proiektua. Asko zehaztu gabeko asmoak ziren; gaur, esan dezakegu gauzatzen ari dela eta Sakanako jubilatu askok izan dute, inkesta baten bidez, parte-hartzeko aukera. Azterketa soziologiko baten bidez, Sakanako jubilatuen errealitatea, egoera, ezagutu nahi da eta errealitate honen arabera, baliabideak eta aukerak aztertu, jubilatuentzat bizi duin bat bermatzeko. Behar-beharrezkoa ikusten dugu jubilatu guztien partaidetza.
Guk gure protagonismoa aldarrikatu behar dugu, protagonismo eraginkorra: gure bizia, gure eskubideak, gure duintasuna, gure etorkizuna, gure errespetua berma dezakeen gizartea eraiki nahi dugu, ez izerdia xurgatu ondoren, baztertzen gaituen gizartea.