Euskalduntzen ari direnendako sormen lehiaketa

Guaixe 2017ko abe. 6a, 12:02

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak euskaltegietako ikasleei eta Mintzakide programako partaideei zuzendutako nanoipuin lehiaketa antolatu du. Batzuek eta besteek sakandarrak izan behar dute lehiaketan parte hartzeko. Literatur sariketak hiru maila ditu: A1 eta A2 mailetako ikasleendako dena, B1 mailako ikasleena eta, azkenik, B2 eta C1 mailetako ikasleena. Mintzakide programako kideek duten ezagutzaren pareko mailan parte hartuko dute.

Idazten jartzen direnean 100 eta 150 hitzen arteko luzera duten idazlanak osatu beharko dituzte. Jakina, euskaraz izan beharko dute. Testuak argitaratu gabeak izanen dira, jatorrizkoak eta beste lehiaketaren batean saririk jaso ez dutenak. Testuetan ez dira indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko.

Idazlanak euskara1@sakana-mank.eus e-posta helbidera pdf formatuan bidali beharko dira. Idazlearen datuak aparteko dokumentu batean gaineratu beharko dira (izen-abizenak, telefonoa, helbidea, e-posta eta ikasketa-maila). Lanak aurkezteko epea 2018ko martxoaren 22an despedituko da. Saritutako lanen egileek eBook bana jasoko dute.