Sakanako Mankomunitateak herri kirolak sustatzeko lanetan jarraitzen du. Horrela, aurten, beste behin, Mank-ek Nafarroako Gobernuaren eta Irurtzungo Udalaren laguntzaz sustatutako Sakanako harri jasotze eskolak eta zentro teknikoak ateak zabalduko ditu. Harri jasotzean aritu edo hasi nahi dutenek harriekin trebatzeko aukera esku eskura izanen dute.
Mikel Lasarte harri jasotzaile irurtzundarrak gidatuko du harri jasotze eskola. Asteazkenean ariko dira trebakuntza lanean, 18:30etik 20:00etara, Irurtzungo kiroldegian, ekainera bitartean. 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena eta klasera joatea derrigorrezkoa izango da. Izena ematea zabalik dago, Mankomunitateko kirol zerbitzura hots eginez (948 464 866). Klaseak euskaraz izango dira, baina baten batek ez badaki, gaztelaniaz zuzenduko zaio.
Sakanako harri jasotze eskola 2004/2005 ikasturtean sortu zen, harri jasotzea bulkatzetik. Ordutik makina bat kirolari trebatu dira euskal herri kirol honetan. Harri jasotzean, indarra baino, teknika dela garrantzitsuena nabarmendu du behin baino gehiagotan Mikel Lasarte monitoreak. Egia esan, teknika, indarra, konfiantza… guztia da beharrezkoa, eta horretan guztian sakonduko dute ekainera bitartean.