Dakizuen bezala, hil honetan Ipar Euskal Herriko eragileek elkartasun bira antolatu dute Frantziar estatuko kartzeletan, datorren abenduaren 9an Parisen izango den manifestazio nazionalari begira motorrak berotzen hasteko. Mobilizazio hauek ongi ezagutzen duzuen testuinguruan gertatzen ari dira: joan den apirilean ETAk gizarte zibilaren esku utzi zituen bere armategiak, IEHko eragile ezberdinen arteko sinergiak are gehiago bizkortuz, eta Frantziar gobernuarekin lotura zuzenak ahalbidetuz. Aldi berean, Kolektiboak bere barne eztabaida amaitu du, eta jakina denez, ETA erakundea berea burutzen ari da.
Guztiok jabetzen gara urrats guzti hauen garrantziaz, baita urratsok laguntzeko herri mobilizazioaren ezinbestekotasunaz ere. Ez dago herri gisako urratsik egiterik, jendartearen babes eta inplikaziorik gabe. Eta, guk bezain ongi dakizue, inork gure kaioletako ateak irekiko baditu, hori gure Herria izango da. Horregatik, Pariseko manifan parte hartzera dei egin nahi dizuegu.
Kartzela guztiak dira kartzela, kartzela guztiek suposatzen dute gatibu egotea, lotuta, bortxatuta, herritik, familiarengandik eta lagunengandik urrunduta; baina, guztiarekin, kartzela honetan bizi-baldintza “zuzenak” ditugu: aurrez-aurreko bisita luzeak, are, hilean behin, familia edota lagunekin lo egiteko aukera. Kartzela lasaia da, kartzelariek ez gaituzte jazartzen, preso sozialek begirunez tratatzen gaituzte, modulo batean elkarrekin gaude (bi estaitan), aldiro elkarrekin bazkaltzeko aukera daukagu, besteak beste patioan landatzen ditugu tomateak, kalabazak, piperrak eta abar luze bat. Euskal Preso Politikoen Kolektiboan ez dira gutxi gu baino egoera zailagoan giltzapetuta dauden kideak.
Guzti honek, noski, ez du arintzen etxera itzultzeko premia. Ezta, etxerako bidean, Euskal Herrira gerturatzea ere. Hartara, hil honetan bertan, guztiok eskatu dugu ofizialki Euskal herrira gerturatuak izatea, Lannemezango espetxera batzuk, Mont de Marsanekora besteak. Eta esan gabe doa, datorren abenduaren 9an zuekin izango gara Parisen, fisikoki ez bada gogoz behintzat.
Askatasunerako bidean atzera urratsik ez! Amnistia eta Autodeterminazioa! Gora Euskal Herria Askatuta!
Besarkada bat guztioi,