Heldu den urteko kanpaina bat azalduko dizugu hurrengo lerroetan, irakurle. Euskaraldia du izena eta epe luzeko Euskarak 365 egun leloko kanpainaren barruan kokatzen da. Jakina denez, kanpaina horren helburua hizkuntza ohiturak aldatzea da. Euskaraz bizitzeko pertsonen pausoak eta mota guztietako entitateen babes neurriak bulkatu nahi dira. Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimenaren bidez Euskal Herri guztiko euskaltzaleak aktibatu nahi dira egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten. Erronka luzatu digute 16 urtetik gorakoei: heldu den urteko azaroaren 23tik abenduaren 3ra ahal den guztietan euskaraz hitz egitea.
Ekimena administrazioen eta euskalgintzako entitateen elkarlanaren fruitua da. Koordinazio lanean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskarabidea eta Euskaltzaleen Topagunea ari dira. Azken hori, gainera, ekimenaz batzordearen koordinazioaz eta ekimenaren kudeaketaz arduratzen da. Hurrengo urtean zehar herrietan 11 egun euskaraz ekimena aurrera egiteko batzordeak sortuko direla aurreikusten da. Baina antolaketa ikastetxe, enpresa, koadrila, denda edo dena delakoan egin daiteke.
Aurrekariak
Euskahaldun leloa izan zuen 2015eko Korrikak. Lutxo Egiak Bilbon hilabetez euskaraz biziz performancea egin zuen ondoren. Bi horiek gogoan, Donostiako Egia auzoan erronkari heldu zioten: astebeteko txandetan euskaraz ahalik eta gehien hitz eginen zuten 200 pertsona aktibatu zituzten. Atzetik etorri dira Lasarte-Oria, Agurain, Lizarra eta beste herri batzuetako esperientzia. Euskararen erabilerak gora egin zuen eta hizkuntza erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak sortu ziren.
Orain arte pilatutako eskarmentuan oinarrituta 11 egun euskaraz ekimeneko dinamika bi pertsona multzotan oinarrituko da. Alde batetik, Ahobiziak izanen ditugu, ardura hau izanen duena: “ulertzen duenari euskaraz eginen diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz eginen diet”. Bestetik, Belarriprest izena dutenak daude, konpromiso hau hartuko dutenak: “egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzunen dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut”. Eta horrela, 11 egun. Hala ere, 2018ra itxaron gabe gaur bertatik praktikatu dezakezu.
Sakanan, egitasmoaz
11 egun euskaraz ekimenaren iritzi bila Sakanako euskalgintzako eragileengana jo dugu. Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzordeko buru da Felix Altzelai. Berak azaldu digunez, “azken urte hauetako ikerketen emaitzek alarma gorria piztu zuten. Badirudi, azkenean, joera iraultzearen beharraz jabetu garela eta denok bat gatozela horretarako, orain arte eginikoaz aparte, beste zerbait egin behar dugula”. Altzeilairendako “inportantea da euskalgintza instituzionalak eta herri mugimendukoak norabide berean arraun egitea, helburuz, ekintzez eta baliabidez”.
Sakanako AEKko arduraduna da Patxi Flores, Euskaraldia sustatzen duen erakundeetako bateko kidea. Ekimena “interesgarritzat” jo du. Lasarte-Oriako esperientzia eta gero erabilerak hurrengo bizpahiru asteetan “izugarri igo zen, nahiz eta gero berriz jaitsi”. AEKren helburua gogora ekarri digu Floresek: “jendeak euskara ikastea erabiltzeko eta erabiltzea azkarrago ikasteko”. Ekimenari ere bertutea ikusten dio helduendako euskara irakasleak: “ulertzen duenari ere aukera ematen dio euskararen munduan sartzeko eta euskal hiztunari esaten dio jende-multzo handia dagoela, ez hitz eginagatik, ulertzen duena”. Floresendako “momentu ona” izan daiteke “elkarrizketa mota horri heltzeko, euskaldunak euskaraz aritzeko eta gainerakoek, gaitasunaren arabera, euskaraz lasai entzuteko eta ahal dutenean euskaraz aritzeko eta bestela erdaraz erantzuteko”. Nabarmendu duenez, “guri arraroa egin arren katalanendako ohikoa da eta ongi doakie, gainera”.
Hizkuntza Eskubideen Behatokia da ekimena sustatu duen beste erakundeetako bat eta han dabil lanean Garbiñe Petriati. Orain arte egin diren esperientzien erreparatu die Behatokiko kideak: “esperientzia horiek erakutsi dute hurbiletik, ingurukoengandik hasita, era gozo eta atseginean, euskarara hurbildu eta hizkuntza ohituretan eragiteko eta euskaraz bizitzeko xedean bidea egiteko lagungarriak direla”. Petriatiren iritziz, “esperientzia horiek utzi duten arrastoari segituz egitasmoa modu orokorrean martxan jartzeak ahalduntze ariketa egiteko aukera eskainiko du”. Horregatik, “positiboa” iruditzen zaio ekimena, “jendearen gogoa delako euskararen egoera hobetzeko bidean hanka garrantzitsu bat”.
Aizpea, Irurtzungo Euskaltzaleen Topaguneko kidea da Ana Balda. Aurreko esperientzien berri badu eta badaki “erantzun ona” izan dutela. “ Ideia ona iruditzen zaigu beste leku batzuetara zabaltzea”. Sakanako Mintzakide programako arduraduna da Edurne Ruiz. Harendako ekimenaren helburua “inertziak apurtzea eta erabilera bultzatzea” da. “Erronken bidez lortu nahi da eta posiblea dela iruditzen zait! Gainera dibertigarria izan daitekeela pentsatzen dut”. Orain arte halakorik “modu orokor eta masiboan ez dela egin” nabarmendu du.
Erabileran eragin
Guztiei ekimenak Sakanako euskararen erabileran eragiteko baliagarria ote den galdetu diegu. Altzelaik aurrekoak “oso esperientzia positiboak” izan direla gogorarazi du. “Euskararen erabilera aktibatzera eta hizkuntza ohiturak aldatzera eraman nahi gaitu, euskaldunok, euskaldun hartzaileak eta euskara jakin ez baina aldeko jarrera dutenak inplikatuz”. Mank-eko Euskara Batzordeko buruarendako “indarrak batuz eta denok batera bulkatuz lortuko dugulakoan nago”. Baina azpimarratu du: “norberarengandik hasi behar dugu ohiturak aldatzen, baina hizkuntza ohiturak euskararen alde aldatuz joateko hizkuntza komunitate osoan eragin behar dugu.
AEKko Floresendako heldu den urteko ekimena “saiakera ona izan daiteke ohitura berriei eusteko eta erabilera zabaltzeko”. Petriatik garbi du euskararen erabilera handitzeko baliagarria izanen dela. Hizkuntza gehiago ez hitz erabiltzeko dauden muga edo oztopoak nabarmendu ditu Behatokikoak: “euskaraz aritzeko norberarenak izaten dira mugak batzuetan (segurtasunik ez, lotsa, beldurra.); inguruan aurkitzen dira oztopoak beste batzuetan (administrazioetan, familian, herriko dendetan, zerbitzuak kontratatzeko unean, lagunartean...)”. Horregatik, Petriatik dio, “arrazoi bat edo beste izan, Sakanako errealitatera egokitu, sakandarren eta eragileen arteko sareak sortu, elkarrekin inertziak apurtu eta joerak berriak sortzeko aukera eskainiko du ibarreko herrietan”.
Baldaren iritziz, “beste leku batzuetan baliagarria izan bada, hemen ere izan daiteke. Gainera, askotan umeek erabil dezaten ahalegintzen gara, eta honek gazte eta helduak ditu helburu”. Ruizek garbi du “erabilera bultzatzeko inertziak apurtzen ez badira, erabilera ez doa aurrera”. Ekimenari “kontzientziatzeko” gaitasuna aitortu dio. “Modu praktikoan, gure ohitura batzuk apurtuko ditugu 11 egunez. Erabilera igotzen hasteko lehenengo pausua da”.
Parte hartzea
AEKko eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko kideek ekimenaren sustatzaile diren heinean, parte hartuko dute. Altzelaik esan digunez, “Sakanako Mankomunitateak urteak daramatza norabide horretan lan egiten. Egitasmo honek aukera emanen digu traineru batera igotzeko non arraunlari guztiok batera eginen dugun arraun, eta ez dugu aukera pasatzen utziko”. Mank-eko ordezkariak, gainera, aurrerapen bat egin digu: “badirudi, gainera, nahiz eta lehenbiziko "erakustaldia" heldu den urteko udazkenean egitekoa den, egitasmoa luzerako planteatu dela; hortaz, ikusiko dugu zer ematen duen eta nolako inplikazioa eskatzen duen”.
Mintzakideko Ruizendako “asko falta” bada ere, “oso interesgarria izan daiteke euskara ikasten ari diren ikasle zein Mintzakideendako. Egoera artifizialetan jartzen ditugu batzuetan ikasleak eta talde euskaldunak sortu behar ditugu (Mintzakide taldeak) euskalduntzen ari direnak praktikatu ahal izateko”. Euskaltegietako ikasleek eta Mintzakideek “euskara modu askean praktikatzea behar dute”, horregatik ekimenean parte hartuko dutela jakinarazi du. Irurtzungo Euskaltzaleen Topaguneko kide Baldari “beste talde batzuekin batera egitea garrantzitsua” iruditzen zaio, esaterako, Pikuxar euskal txokoarekin. Oraindik ez dute ezer erabakita, baina “koordinazioak denbora” eskatzen duela ere nabarmendu du.