Musikala Euskararen eguna ospatzeko

Guaixe 2017ko abe. 3a, 12:30

Bazen behin neskatiko bat lo egitea gorroto zuena. Garai batean amonak ipuinak kontatzen zizkion ohatzera joan aurretik, baina Anek lau urte ditu orain, eta amonarik ez, eta bere gelan bakarrik gelditzen denean ez du begirik bildu nahi izaten… Halako batean denboran zeharko bidaia batean sartuko da, Nafarroan barna eramanen duena, “neskatiko baten ilusioetan zehar eta familia baten bizipenetan zehar”. Horixe da Ane eta ohe hegalaria musika-antzezlanaren mamia.

Antzezlana Xaldun kortin materialean oinarrituta dago: ahozko tradiziotik berreskuratu dira herri ipuinak, jolasak, esapideak eta kantak; horiek guztiak XXI. mendeko haurrei itzultzeko. Oier Zuñiga eta Laura Villanueva aktoreek jokatuko dute obra. 0tik 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiendako da bereziki, eta 45 minutu irauten du.

Euskarabideak eta Nafarroako Gobernuak, Euskararen Nazioarteko Eguna izanen dela-eta, familiarendako antzerki musikaduna sustatu dute eta Labrit Multimendiak ekoiztu du. Altsasuko Udalaren eta Sakanako Mankomunitatearen laguntzaz, asteazkenean, 17:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean doan emanen da.