Hatortxu Rock 20, dokumentalaren ondoren, argazki liburua

Guaixe 2017ko aza. 30a, 18:33

Euskal preso politikoen eta haien senideen eskubideen defentsa eta dispertsio politikaren salaketa egiteko, garila akaberan Lakuntzan elkartasun jaialdi erraldoia zen. Hura auzolanean egin zen eta hura iruditan jasotzen duen argazki-liburua argitaratu du antolakuntzak: Elkartasuna, eskuz esku. “Milaka eskuk atera zuten aurrera Euskal Herriak sekula ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena”. Liburuak 152 orrialde eta 200 argazki baino gehiagoren bitartez horren isla izan nahi du: hasi aurreprestaketetatik, garilaren 27tik 30era bizitakoarekin segi eta desmuntaiarekin bukatzeko.
 
Honako argazkilarien lana jasotzen du argitalpenak: Gari Garaialde, Ander Gillenea eta Josu Truebaren Bostok Photo taldeak, Saioa ‘Gauilunak’, Ibai Arrieta, Eider Iturriaga, Amaia Oca, Zuriñe Alava, Fermin Bidaurre eta Dabid Sanchez. Oiartso Los Arcosek diseinatu du eta antolakuntzako kide den Aitor Agirrezabalen hitzaurrea du.

Hain zuzen antolakuntzak aurtengo jaialdiak hartu duen pisua ikusita “beste ate batzuk jo” zituen eta Iñaki Alforjaren HTX20; Elkarrekin edozer dugu posible dokumentala Iruñeko Golen Baiona zinemetan mustuko dute etzi, 20:00etan. Aurkezpenean liburua eskuratzeko aukera izanen da. Ondoren bai liburua eta baita dokumentala Durangon ere salgai izanen dira. Handik aurrera liburu-dendetan eta Internet bidez eskuratzeko aukera izanen da.