Elikagai Bilketa erraldoia, asteburuan

Guaixe 2017ko abe. 1a, 09:54

Nafarroako Elikagai Bankuak gaur eta bihar egingo du elikagai bilketa, Sakanako ohiko denda eta komertzioetan

Asteburuan, abenduaren 1ean eta 2an, gure ohiko dendetan kaxa handiak egongo dira; gure borondatea eskatzen dute, elikagaietan. Bildutakoa Nafarroako Elikagai Bankura bideratuko da. Aurten Elikagai Bilketa inoiz baino erraldoiagoa izatea nahi du Nafarroako Elikagai Bankua Fundazioak. Izan ere, erraldoiak dira dauden beharrak. Familia askok jotzen dute Nafarroako Elikagai Bankura elikagai bila. Askorendako, duten iturri bakarra da. “2017an, urrira arte, Nafarroako Elikagai Bankuan 3.151 elikagai tona banatu ditugu 207 entitatetan, 8.300 familiara iritsi direnak, 32.000 pertsonatik gora. Hori Nafarroako biztanleen %5a da. 2008tik, elikagaia jasotzen dutenen kopuruak %30 egin du gora” adierazi du Nafarroako Elikagai Bankuko presidente Gregorio Yoldik.

Beharrak, beraz, handiak dira eta, horregatik duela makina bat urte hasi ziren Nafarroako denda eta komertzioetan Elikagai Bilketa Erraldoia antolatzen, behar erraldoiei erantzun erraldoia eman behar zaiolako. Asteburuan izango da bilketa, ostiralean eta larunbatean. Nafarroako Elikagai Bankuak aditzera eman duenez, Nafarroan 244 komertziok, 77 botikek, hondakinen zerbitzua kudeatzen duten mankomunitateek, garraiolari boluntarioek eta 2.800 boluntariok baino gehiago hartuko dute parte ekimenean, tartean sakandarrak.

Hortaz, asteburu honetan, gure erosketak egitearekin batera, behar dutenendako ere zehozer erostea da proposatzen digutena. Jakina, ez dute jaki freskoak izan beharko, irauten dutenak baizik, kontserbak, pasta, olioak, gosaritarako produktuak -galletak, kakaoa…- Sakanan, saltoki handiez gain, herrietako denda txikietan ere egingo da janari bilketa.

Boluntario izateko
Oraindik ere boluntarioak behar ditu Nafarroako Elikagai Bankuak. Interesatuek www.bancoalimentosnavarra.org web gunean dute informazio guztia.