Sakandarrak presoen aldeko Parisko mobilizazioan egonen dira

Guaixe 2017ko abe. 1a, 10:12
Larriki gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko auto-karabana egin zen larunbatean.

Bakearen Artisauek abenduaren 9rako Parisen Orain presoak! lelopean manifestazioa antolatu dute. Sakanako Sarek jakinarazi digunez, Parisera joateko autobusetan izena emateko epea bihar bukatuko da. Ohiko tokietan eman daiteke izena Irurtzunen, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Altsasun eta Olatzagutian. Saretik izena ematera deitu dituzte sakandarrak.

Dagoeneko sakandarrek autobus bat bete dute. Hura abenduaren 8an, 23:00etan Altsasutik abiatuko da. Etxarrin (23:15ean) eta Irurtzunen (23:30ean) geldialdiak egin ondoren, Parisera 10:30 aldera iritsiko da eta 11:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartuko dute. Aldarrikapenarekin batera festa izanen da hainbat musikari ezagunekin. Arratsaldeko lehen orduan etxerako bidea hartuko dute. Hendaiatik-Pariserako joan-etorria bi trenek eginen dute egunean bertan eta haietan ere sakandarrak izanen dira.

Garrantziaz
Saretik diotenez, presoena “konponbidean jarri beharra dugu elkarbizitzan, giza eskubideen errespetuan eta benetako bake iraunkor batean sinisten badugu behintzat. Eta estatuen blokeoen aurrean gizarte aktibazioak eta herri mobilizazioak puskatu dezakeela blokeo hori ere sinesten dugu”. Abenduaren 9an Frantziako estatuari “euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia indargabetu dezan” eskatuko diote. Frantzian mugimenduak daudela eta haiek baliatu beharra dagoela nabarmendu dute Saretik, horrela “Espainiako estatuari zailago egingo zaiolako mantentzen presoekiko eta gatazkaren konponbidea oztopatuz darabilen salbuespenezko politika hori”.

Kontzertua
Zama doinuz arinduz musika jaialdiaren hirugarren edizioa antolatu du Etxarri Aranazko Sarek. Kontzertua ilbeltzaren 14an, 17:30ean eta 19:30ean, izanen da eta honako musikariek parte hartuko dute: Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Alex Sardui eta Haimar Arejita (Gatibu), Kutxi Romero, Ines Osinaga, Petti, Jurgi Ekiza eta Irati Lasa eta lagunak. Sarrerak Etxarri Aranazko udaletxeko kultura bulegoan (astez, 09:00etatik 13:00etara), Xapatero eta Leku Ona tabernetan eros daitezke. Edo www.etxarriaranatz.eus web gunean.