Gobernuak Iparralde institutua eraikitzeko baimena eman du

Guaixe 2017ko abe. 1a, 13:59

Iruñeko Sanduzelai auzoan eraikiko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe berria. D eredukoa izanen da. Lanak 2018an eginen dira. Institutu berriak 6 lerro eta 24 gela, liburutegia, bina  musika, informatika, tailer eta teknologia gela, gimnasioa eta irakasle gela izanen ditu, bestelako zerbitzu guneekin batera. Gehienez ere 720 ikasle hartuko ditu. Hori guztia hartzeko, gutxienez, 4.900 metro karratuko azalera izanen du. Lanek 5.439.000 euroko aurrekontua dute. Hala erabaki zuen Nafarroako Gobernuak asteartean egindako bilkuran.

Institutu berria Biurdana ikastetxeko hezkuntza komunitate guztiaren aspaldiko aldarrikapena da, gainezka, masifikatuta dagoela salatu baitute aspaldi. Biurdanan ikasten dute Arakilgo eta Irurtzungo DBHko ikasleek eta bi udalek bat egin dute masifikazioaren protestekin. Irurtzungo Udalak, hala ere, aspaldi beste eskaera bat egin dio Hezkuntza Departamentuari: DBH osoa herrian emateko ikastetxea handitzea edo berria egitea; gaur egun DBHko 2. mailara arte daude Irurtzunen. Lur saila ere prest du Irurtzungo Udalak.