Parisen presoen aldeko urratsak eskatzera

Guaixe 2017ko abe. 12a, 10:18

Bakea Euskal Herrian: orain presoak! lelopean 11.000 bat pertsona elkartu ziren Parisen larunbatean. Haietatik ehun bat sakandarrak ziren, 70 autobusez joanak. Guztiek ere euskal presoei aplikatzen zaizkien eta senideei eragiten dieten salbuespen neurrien bukaera exijitu zuten. Jendetzak Euskal Herrian bake “justu eta iraunkorra” eratzeko gatazkaren ondorioak konpontzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuen. Espainiako eta Frantziako gobernuei pausoak emateko eskatu zieten. Alderdi, sindikatu eta kargu desberdinetako hautetsiak egon ziren Parisko mobilizazioan.

Sakanako Sarek Parisetik Bilbora joateko deialdia egin zuen, ilbeltzaren 13an manifestazioa eginen baita Bizkaiko hiriburuan. Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira leloa izanen du Bilboko manifestazioak. Sakanako Sarek jakinarazi du dagoeneko autobusetan izena emateko aukera badagoela, hori ohiko tokitan egin daiteke.