Abenduaren 6an preferente mailako 13. jardunaldia jokatu zen. Lagun Arteak eta Arrotxapeak jokatu beharreko partida abenduaren 23ra atzeratzea erabaki zuten. Etxarri Aranatzek, aldiz, Artajonésen kontra jokatu zuen Artaxoan. Lehen zatia oso lehiatua izan zen eta parez pare ibili ziren bi taldeak. Biek gol aukera politak izan zituzten, baina ez zituzten gauzatu. Bigarren zatian, aldiz, Artajonés erasora atera zen eta gauzak zeharo aldatu ziren. Gola sartu zuen Artajonések, eta nahiz eta Etxarri berdintzen saiatu, partida bukaera aldera bigarren gola sartu zuen Artajonések. Nahiz eta partida galdu, nabarmentzekoa da Etxarrik bikain jokatu zuela.
Infanzones taldea da preferente mailako liderra (27 puntu). Lagun Artea 14.a da (10 puntu) eta Etxarri Aranatz 16.a (6 puntu).
Derbia Etxarrin
Asteburuan preferente mailako Sakanako derbia jokatuko da. Etxarri Aranatzek Lagun Artea hartuko du San Donato zelaian. Sailkapeneko beheko tokietan daude bi taldeak, puntu faltan. Beraz, inoiz baino lehiatuagoa izango da partida.