Abenduaren 1ean, Nafarroako Jauregian burututako ekitaldi hunkigarrian, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren 2017ko Urrezko eta Zilarrezko dominak banatu zituen eta aipamen bereziak ere egin zituen. Uxue Barkos presidentea buru zela, 32 sari banatu ziren guztira. Ekitaldian ere Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Ruben Goñi egon zen.
Abel Barriola eta Juan Martinez de Irujo pilotariek urrezko domina jaso zuten, txalo artean. Uxue Barkos presidenteak azaldu zuen bi pilotari ohiak Nafarroan kirolaren bi erreferente direla, ez soilik euren palmaresarengatik, euren izaerarengatik baizik. “Zuen etengabeko apaltasuna, nortasuna eta hurbiltasuna ez da batere aldatu arrakasta-maila handiak lortu dituzuenean. Eta horrek guztiak denok dakigun mirespena sortu du” azpimarratu zuen.
Ondoren, zilarrezko 24 domina banatu zituen Uxue Barkosek, 25 urtez baino gehiagoz zuzendaritza-lanen edo lan teknikoen bidez kirola sustatzeko egin duten lan guztia eskertzeko. Tartean bi sakandarrek jaso zuten saria: Pello Garcia Aizpunek eta Migel Ulaiar Mendiolak.
Pello Garcia arakildarrak 30 urte baino gehiago daramatza Arakilen futbola sustatzen. Zaldua taldeko delegatua da eta Elomendi Futbol Txapelketa sustatzeko lan handia egiten du. Bestalde, Migel Ulaiar etxarriarraren kirol ibilbidea mendiari lotuta dago. Etxarriarrak 30 urte baino gehiago daramatza Sakanan mendizaletasuna sustatzen, Sakanako Mendizaleak elkartean eta Etxarri Aranazko Udaberri eta Larrañeta elkarteetan.
Bukatzeko, Nafarroako Gobernuak 6 aipamen berezi egin zituen. Aitortza jaso zutenen artean zegoen Joxemari Mercero unanuarrak. Bere bizitasunagatik eta bere kirol ibilbide luzeagatik egin zioten aitortza unanuarrari. “78 urterekin atletismo probatan parte hartzen segitzen du, emaitza garrantzitsuak lortuz, eta hainbat kirol proben antolakuntzan ere lan handia egiten du” nabarmendu zuten.
Hiru sakandarrak pozik eta hunkituta azaldu ziren euren lana aitortu izanagatik. Merezitakoa, zalantzarik gabe.