Ate irekien jardunaldia Tasubinsan

Guaixe 2017ko abe. 13a, 10:12

Lakuntzako tailerrak 30 urte bete ditu zerbitzua ematen ezgaitasuna duten pertsonei, haien familiei, enpresei eta Sakanari.

1987ko lastailaren 7an zabaldu zituen ateak Tasubinsaren Lakuntzako egoitzak. Ordutik, Sakanan ezinbesteko baliabidea bihurtu da. Hiru hamarkadako ibilbidea ospatzeko ate irekien jardunaldia egin zuten atzo eta bertan izan ziren hainbat langileren senideez aparte, Migel Laparra Nafarroako lehendakariordea, UPNko, PSNko eta EH Bilduko parlamentariak eta Lakuntzako, Arbizuko, Altsasuko eta Olatzagutiko alkateak.

Antolatutako ekitaldian Tasubinsako presidente Javier Goldarazek azaldu zuenez, egun lan eta okupazio tailerrean 37 pertsonek lan egiten dute, haietatik % 92 ezgaitasunen bat dute. Denak ere muntaia txikiak eta poltsaratze lanak egiten dituzte Tasubinsako beste zentro batzuendako eta Mecalde, Aeroled eta Altsasuko Kooperatiba enpresa sakandarrendako ere. Goldarazek erakunde eta enpresa guztiek emandako laguntza eskertu zuen, eta Tasubinsaren errentagarritasun soziala nabarmendu zuen.

Gabezia
Aldi berean, Gonzalezek erronka bat jarri zuen mahai gainean: zahartzea, bai langileena baita haien familiena. Peio Razkin enkargatuak azaldu zigunez, “65 urterekin jubilatu arte zerbitzu bat ematen zaie pertsona hauei, baina hortik aurrera ez dago ezer”. Tutoretzapeko pisuak falta direla nabarmendu du eta jubilatu den langile baten kasua eman digu, “Altsasuko adinduen etxean dago”. Bestetik, Lakuntzako alkate Patxi Xabier Razkinek nabarmendu zuen urteurreneko protagonistak langileak eta profesionalak zirela. Tasubinsa “gizarte inklusiorako erreferentzia zentroa” bilakatu dela nabarmendu zuen. Eta nabarmendu zuen ziurrenik aurri egoeran bukatuko zuen eraikin bat Tasubinsari esker salbatu egin zela, “herriek arazo bat zutelako”. Udalak elkarlanerako prest segituko dutela azpimarratu zuen.

Gizarte Zerbitzuetako lehendakari-orde Migel Laparrak Tasubinsak lortutakoa eta egin duen aurrerapena nabarmendu zituen. Bide berean sakontzen segitzera animatu zuen Tasubinsa: esku hartzean berritzen segitzeko; pertsonan gero eta zentratuagoak dauden ikuspegiak txertatzen; ezgaitasuna duten pertsonen gizarte eta lan integrazioan inbertitzen segitzeko. Tasubinsak zerbitzuak eskualdeetara eramatea duen garrantzia nabarmendu zuen Laparrak, “ez soilik zerbitzua erabiltzaileei gerturatzeagatik, populazioa sentsibilizatzeko eta pertsonak ikustarazteko duen garrantziagatik baizik”. Nafarroako Gobernuak gizarte enplegu zentroekin duen konpromisoa berretsi zuen, datuekin azpimarratuz: 2015etik aurrekontua alor horretarako %27 handitu da.

Tailerraren koordinatzaileak
Peio Razkin enkargatua eta Begoña Fernandez eta Josetxo Claver begiraleak. Gainera, Edurne Martinezen (okupazio-terapeuta), Lourdes Saez de Asteasuren (psikologoa) eta Carmen Herguidoren (gizarte langilea) laguntza dute.