Binakako Pilota Txapelketako 3. jardunaldiak denetatik utzi zuen. Ligaxkako lehen bi jardunalditan irabazi eta gero, Altuna III.ak eta Martijak ezin izan zuten punturik lortu Olaizola II.aren eta Imazen kontra. Partida oso gogorrean, 22 eta 20 irabazi zuten Olaizolak eta Imazek. Partida ia gehienean Altuna eta Martija egon ziren aurrean; primeran hasi ziren, erritmo bizian, baina Olaizola beterano handia da eta partidaren azken aldean egoerari buelta ematen jakin zuen Goizuetakoak. 18 eta 20 galtzen joan ondoren, azkenean 22 eta 20 irabaztea lortu zuten Asegarcekoek. Martijak partida ona egin zuen, bana bukaeran egindako esfortzua nabaritu zitzaion.
Txanponaren beste aldean, Ezkurdiak eta Zabaletak txapelketako bigarren puntua lortu zuten larunbatean Labriten, Bengoetxea VI.ari eta Larunberi 19 eta 22 irabazi eta gero. Giro ederra zegoen Labriten, zita handietan egon ohi den moduan, eta partida oso bizia eta ikusgarria eskaini zuten lau pilotariek. Hasieran Bengoetxeak eta Larunbek hartu zuten aurrea, baina Zabaleta atzeko koadroetan agintzen hasi zen eta 4 eta 12 aurreratu zen biko sakandarra. Eta izugarri jo zuen Etxarrengoak. Bengoetxea ez zegoen eroso eta Larunbek ez zuen aurreko jardunaldietako maila eman. Horrela, Zabaletak eta Ezkurdiak aurrera segi zuten, Bengoetxea ekiditen eta Larunbe erasotzen. Hala ere, Asegarcekoek ez zuten etsi eta 14 eta 18 hurbildu ziren markagailuan. Orduan Ezkurdiak eta Bengoetxeak lehia ikusgarria izan zuten aurreko koadroetan. Pilota zaleak aulkitik jaso zituzten, tanto ikusgarriak jokatu baitzituzten. Ezkurdia erabakiorra izan zen azken txanpa horretan eta, azkenean, 19 eta 22 gailendu ziren sakandarrak. “Gaur elkarrekin bikain ulertu gara. Bide honetan jarraitu behar dugu” adierazi zuen Ezkurdiak partida bukaeran. “Gure herrietatik etorri diren lagunei eskerrak eman behar dizkiet. Izugarri lagundu gaituzte” gaineratu zuen Zabaletak.
Derbia
Larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan sakandar ugari bilduko dira. Izan ere, Ezkurdiak eta Zabaletak Altuna III.a eta Martija izanen dituzte aurkari. Arbizukoa eta Etxarrengoa Etxeberrikoaren eta Amezketaren kontra. Txapelketa honetan lehenengoz elkarren kontra ariko dira sakandarrak. Material aukeraketa ostegunean egingo dute, goizeko 10:30ean.
Bi bikoek bina puntu dituzte eta, hortaz, hirugarrena lortzea dute jokoan. Izan ere, txapelketa orekatua ari da izaten, oraindik ez baitago nabarmendu den bikoterik. Lau bikotek bina puntu dituzte –Victor-Albisu, Altuna III.a-Martija, Olaizola II.a-Imaz eta Ezkurdia-Zabaleta– eta beste lau bikok puntu bana –Bengoetxea VI.a-Larunbe, Irribarria-Merino II.a, Elezkano II.a-Rezusta eta Urrutikoetxea-Galarza.
Sakandarren arteko derbirako ez dago faborito argirik eta erritmo biziko partida aurreikusten da. Giroa ere, halakoa izango dela espero da. Ea noren zakura erortzen den hirugarren puntua.
Binakakoa. 4. jardunaldia
Urrutikoetxea-Aretxabaleta/ Irribarria-Merino II.a (asteazkenean, 17:30ean, Urretxun. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Elezkano II.a-Rezusta (ostiralean, 22:00etan, Oñatin. ETB1)
Ezkurdia-Zabaleta / Altuna III.a-Martija (larunbatean, 17:00etan, Labriten. ETB1)
Olaizola II.a-Imaz / Victor-Albisu (Igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)
Binakako sailkapena
Bi puntu: Victor-Albisu, Altuna III.a-Martija, Olaizola II.a-Imaz eta Ezkurdia-Zabaleta
Puntu bat: Bengoetxea VI.a-Larunbe, Irribarria-Merino II.a, Elezkano II.a-Rezusta eta Urrutikoetxea-Galarza