Asteburuan Espainiako Pista Kopako lehen jardunaldia jokatu zen Valentzian. Nafarroako selekzioarekin lehiatu direnen artean daude Josu eta Martxel Etxeberria anaiak, Aralar txirrindularitza klubeko Intersport Irabia taldeko txirrindulariak, eta Bakarne Gonzalez txirrindulari altsasuarra.
Txirrindulari sakandarrek lan bikaina egin zuten. Josu Etxeberria hirugarrena sailkatu zen scratchean, bigarrena kanporaketa proban eta txapelduna puntuazio proban. Horrela, junior mailako lider dugu iturmendiarra. Bakarne Gonzalez altsasuarra txapelduna izan zen scratchean eta bigarrena kanporaketa proban, eta emakumezkoen juniorren sailkapen orokorrean bosgarrena da altsasuarra. Eta aipatzekoa da Nafarroako selekzioko benjaminenak, Martxel Etxeberriak, kadete mailan lan polita egin zuela. Bestalde, Burunda klubeko Mateo Gonzalezek ere parte hartu zuen txapelketan, bere selekzioarekin.