Altsasun egoitza duen Biak Bat elkartearen ekimenez, Nafarroako Parlamentuak Asistentzia Txakurren Legea onartu zuen 2015eko ilbeltzaren 27an. Legeak ezgaitasunen bat duten pertsonek laguntza txakurrekin edonon ibili eta egoteko aukera ematen du. Baina Biak Bateko kideek sumatzen zuten jendarteak ez zuela txakur horiek egiten duten lanaren berri. Informazio hori zabaldu eta gizarteratzeko premia zegoela eta elkarteak, Nafarroako Kutxa fundazioak eta Gizarte Eskubideen Departamentuak bat egin eta gida aurkeztu zuten atzo.
Ezagutu nazazu, laguntza-txakurra naiz izenburua du gidak. Argitalpenak, besteak beste, txakurrek egiten duten laguntza lana, egiten dituzten lan motak, txakur horien erabiltzaileen bete beharrak eta hiritarrek bete beharrekoak eta egin beharrekoak jasotzen ditu. Gaur egun Nafarroako 14 txakur daude erregistratuta: 11 gida-txakurrak dira eta osasun alertako, zeinu txakur (entzumen ezgaitasuna dutenendako) eta zerbitzu txakur (mugitzeko zailtasunak dituen pertsona laguntzen du) bana daude.
Trebatutako txakur horiek pertsona horien egunerokotasunean ezinbesteko oinarria dira. Ezgaitasuna edo gaixotasuna duten pertsonendako oinarri tekniko eta emozionala izanik, txakur horiek elkarbizitzarako espazio publikoetan sartzea sustatu, erraztu eta errespetatu beharra dago. Hala diote gida egin dutenek, tartean Biak Bateko Josune Azpiroz. Gogorarazi dute Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak 2016ko abendutik plaka eta txartel baten bidez aitortu eta kreditatzen dituela laguntza-txakurrak eta haiek erabiltzen dituzten pertsonak. Sarrera publikoko zerbitzu publiko eta pribatuetan banatuko da gida.