Sakandarrak sormenaren lurraldean

Guaixe 2017ko abe. 13a, 19:34

Igandean despeditu zen 52. Durangoko Azoka. Hura iraun duen bost egunetan sormenaren lurraldeak bizia hartu duela adierazi dute Gerediaga elkarte antolatzailetik. Asko izan dira Durangora gerturatu diren sakandarrak. Sorkuntza lan berriak ikusi eta erostera joan dira gehienak. Baina urtetik urtera euren lanak saldu edo erakusten dituzten sortzaile sakandarrak gero eta gehiago dira. Batzuk standaren beste aldean estreinakoa zuten, esaterako, auto-edizio gunean egon ziren Iker Uribe (Ni neu Galtzeta albuma) eta Iñaki Berastegi (Harmaila aldizkaria). Halakoetan eskarmentu gehiago dute azokatik pasa ziren Gozategiko, Hesian edota Vendetta taldeetako kideak edo Juankar Lopez Mugertza eta Alberto Barandiaran idazleak besteak beste.